Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Israelek gutxienez 22 pertsona hil ditu Gazako eskola baten aurkako erasoan, 13 haur tartean

Ohikoa da Israelek lekualdatuak jasotzen dituzten eskolen aurkako erasoak egitea, Hamaseko kideen ezkutalekuak direla argudiatuta. Guztira 500 hezkuntza zentrori baino gehiagori eraso die Israelek urritik. Gainera, laguntza humanitarioa zeraman kamioi baten aurkako erasoa ere egin du.

Txikizioa, Gazan. Argazkia: EFE
Txikizioa, Gazan. Argazkia: EFE
Txikizioa, Gazan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek Gaza hiriko eskola baten kontra egindako erasoan hildako palestinarrak 20 dira jada, eta 13 haur eta 6 emakume daude tartean.

Israelgo Armadak bi F16 misil jaurti ditu Ein al-Zeitun auzoko hiru solairuko eskolaren kontra, hezkuntza zentroa Hamasek erabiltzen zuela argudiatuta.

Gazako Osasun agintariek azaldu dutenez, goizean 17 gorpu berreskuratu dituzte, eta 5 lagunen heriotza baieztatu dute. 

Edonola ere, hildakoen kopuruak gora egin dezake, hainbat lagun daudelako zaurituta eta hondakinen artean harrapatuta. 

"Emadazu izara bat haurren gorpuak eta gorpuzkiak batzeko", dio erreskate taldeko kide batek Babes Zibilak argitaratu duen bideoan.

Bertako iturriek azaldu dutenez, Palestinako errefuxiatuentzat lan egiten duen UNRWA NBEren agentziako hiru eskola hartzen dituen eremuan izan da erasoa.

Armadaren esanetan, erasoa "zehatza" izan da, eta eskola barruan erasoak prestatzen ari ziren Hamaseko kideen aurka egin dute.

"Erasoa egin aurretik, zibilei kalterik ez egiteko neurriak hartu dira, besteak beste munizio jakin bat erabilita eta airetik zainduta", gehitu du Armadak.

Ohikoa da Israelek lekualdatuak jasotzen dituzten eskolen aurkako erasoak egitea, Hamaseko kideen ezkutalekuak direla argudiatuta. Guztira 500 hezkuntza zentrori baino gehiagori eraso die Israelek urritik.

Israelek laguntza zeraman kamioi bati ere eraso dio

Bestalde, Israelgo Armadak baieztatu du Rafahn laguntza humanitarioa zeraman kamioi baten aurkako erasoa egin duela, "armak zeramatzaten pertsona batzuek arpilatu behar zutelako".

119 pertsona hil eta 200 baino gehiago zauritu ditu Israelek azken 72 orduetan Gazan, eta guztira 41.391 dira 2023ko urriaren 7tik Israelgo Armadak hildakoak eta 95.760, gutxienez, zauritutakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel