Mundua -
Erresuma Batua
Starmer kritika guztien jomugan, 120.000 euroko opariak jasotzeagatik
Dirudienez, opariak lehen ministroa izan aurretik, oposizioburua zenean, eta ostean jaso ditu Keri Starmerrek, tartean trajeak, betaurrekoak, futbol partidak ikusteko eta kontzertuez gozatzeko sarrerak.
EITB Media
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak guztira 120.000 euroko balioa duten opariak jaso zituela zabaldu da bertako hedabideetan. Antza denez, arropa, hotelak eta futbolerako sarrerak jaso zituen buruzagi laboristak.
Berez, Komunen Ganberako Kode Etikoaren arabera, lehen ministroek opariak jasotzea ez da legez kanpokoa, baina kritika guztien jomugan dago Starmer laborista, batetik, urtean 200.000 euroko soldata jasotzen duelako, eta, bestetik, herritarrak gehiago itoko dituen zerga igoera iragarri berri duelako.
Starmerren lehen krisi handia da; izan ere, argitaratu berri denez, opariak jaso ditu lehen ministroa izan aurretik, oposizioburua zenean, eta ostean.
Oparien artean daude 14.000 euroko trajeak eta 3.000 euro balio duten betaurrekoak. Arsenal futbol taldea ikustera joateko 40 sarrera ere jaso omen zituen, eta Taylor Swiften kontzertuaz gozatu zuen, 3.700 euroko balioa zuten sarrerak dohainik eskuratuta.
Gainera, Victoria emazteak 6.000 euroko balioa duten opariak jaso zituen; arropa eta makillajea, tartean.