Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek ustez Hezbollahk erabilitako "eraikin militarrak" eta "arma biltegi bat" bonbardatu ditu Libanon
Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak "gerra beste fase batean" sartu dela esan du eta armadaren operazioen "erdigunea" iparraldeko mugara mugitzen ari direla gaineratu du.
Agentziak | EITB Media
Tentsioa gorenean da Ekialde Hurbilean. Azken bi egunetan Hezbollahko kideen komunikazio gailuak eztandarazi dituzte Libanon, eta gutxienez 32 hildako eta 3.450 zauritutik gora eragin dituzte, eta gaur goizaldean Israelek Libano hegoaldea bonbardatu du. Israelgo Armadaren arabera, Hezbollahk erabilitako "eraikin militarrak" eta "arma biltegi bat" suntsitu dituzte.
"Gauean, Aire Armadak Hezbollahren erakin militarren aurka egin du Libano hegoaldean, Shenin, Al Taiba, Bleida, Mis al Yabal, Ait Arun eta Kafarkila guneetan", jakinarazi du Israelgo Armadak ohar batean.
Ez da gaueko eraso bakarra izan, Armadaren hegazkinek milizia xiitak ustez Al Jiam inguruan erabilitako "arma biltegi" bati eraso egin baitiote. Horrez gain, Libano hegoaldeko "hainbat guneren" kontra egin dute. Hezbollahk, oraingoz, ez du erasoen baloraziorik egin.
Zabaldutako oharrean, Israelek dio helburua dela "Israel iparraldean segurtasuna bermatzea", joan den urteko urritik "etxetik alde egin behar izan zuten 60.000 israeldarrak etxera itzuli daitezen".
Hezbollahk azken orduetan baieztatu duenez, 20 kide hil dira Libanoko bigarren leherketa oldean. Lehendabizikoan, 12 pertsona hil eta 2.800 inguru zauritu ziren, Libanoko Osasun Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera.
Testuinguru horretan, gatazka Ekialde Hurbilera zabaltzeko kezka hedatu da nazioartean. Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak "gerra beste fase batean" sartu dela esan du eta armadaren operazioen "erdigunea" iparraldeko mugara mugitzen ari direla gaineratu du, azken egunetan Libanon izandako komunikazio dispositiboen leherketen inguruan ezer esan gabe.