Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Erasoak Libanon, marea biziak eta Venezuelan atxilotutako bilbotarrak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko irailaren 18an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Erasoak Libanon: Gutxienez 11 pertsona hil eta 4.000 baino gehiago zauritu dira Libanon, aurrekaririk gabeko erasoan. Izan ere, Hezbollahko kideek zituzten ehunka gailu elektronikok (pertsona-bilagailuak) eztanda egin dute aldi berean. Hezbollahk Israel egin du erasoen erantzule, eta mendekua agindu du. The New York Times egunkariak kaleratu duen informazioaren arabera, Hezbollahk Taiwango Gold Apollo enpresari 3.000 gailu erosi zizkion eta Israelek jarri zituen lehergailuak, Libanora iritsi aurretik.
- Marea biziak: AZTI Itsas eta Elikagaien Ikerketa Zentroak ohartarazi du marea bizi oso altuak egongo direla aste honetan euskal kostaldean. 17:00ak eta 20:00ak bitartean itsasgora oso altuak espero dira; mareen gehienezko altuera 5 metrorainokoa izan daiteke. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du asteazken eta ostegunerako itsasaldeko arriskuagatik.
- Venezuelan atxilotutako bilbotarrak: Venezuelan atxilotutako bi bilbotarrak seguru daudela ziurtatu du goizaldean Diosdado Cabello ministroak, nahiz eta ez duen zehaztu non dauden. Venezuelako Parlamentuan, bien bitartean, ebazpen bat aurkeztu dute, gobernuari eskatzeko hautsi ditzala Espainiarekin dituen merkataritza harremanak eta harreman diplomatikoak.