Mundua -
Ekialde Hurbila
Hamabi hildako eta 1.800 zauritu Libanon, Hezbollahko kideen ehunka gailu elektronikoen eztandek eraginda
Lehen informazioen arabera, Israelek urrutitik manipulatu ditu aipatu gailu elektronikoak, eta horiek leherraraztea lortu du.
AGENTZIAK | EITb Media
Gutxienez hamabi pertsona hil dira eta 1.800 baino gehiago zauritu Libanon, aurrekaririk gabeko eraso batean. Izan ere, Hezbollahko kideek zituzten ehunka gailu elektronikok (pertsona-bilagailuak, antza) eztanda egin dute aldi berean.
Herrialde horretako agintarien lehen informazioen arabera, baliteke Israelek gailuak urrutitik manipulatu izana, eta horiek leherraraztea lortu izana.
_______________________________________
Zure interesekoa izan daiteke: Zer dakigu Libanoko erasoari buruz eta nola izan da posible gailuen manipulazioa?
___________________________________
Hala baieztatu du Firas Abiad Libanoko Osasun ministroak L 'Orient-Le Jour egunkarian. Lehentxeago, herrialdeko agintariek onartu dute egoera "premiazkoa" dela, "zaurituen kopuru handiagatik, dirudienez dispositiboen leherketa masiboa izan delako". Gainera, horrelako aparatuak dituzten herritarrei horietatik urruntzeko eskatu die.
Lehen informazioen arabera, baliteke Israelek gailu horiek manipulatu izana, ondoren urrutitik lehertzea lortzeko, Hezbollahko kideen eskuetan. Sare sozialetan bideoak bolo-bolo dabiltza, kalean eta dendetan pertsonen poltsikoan eztanda egiten duten dispositiboen irudiekin.
Libanoko Gurutze Gorriak iragarri duenez, 30 anbulantzia baino gehiago artatzen ari dira Libano hegoaldean izan diren "leherketa ugari", eta beste 50 Beiruten eta inguruetan.
Dispositiboak Libanora "duela gutxi" iritsi den kargamentu baten parte ziren, Johanny Corn herrialdeko Telekomunikazio ministroak azaldu duenez.
Ministroak adierazi duenez, bateriak berotu egin ziren, eta, ondorioz, pertsona batzuek "gailuaren tenperatura (igoera) sentitu eta bota egin zuten", lehertu baino lehen.
"Agian urrutitik aktibatu zituzten, baina ez dakigu nola", gaineratu du Cornek, eta esan du litekeena dela dispositibo horiek Libanora helburu horrekin sartzea.
Bitartean, Israelgo agintariak isilik daude. Ohikoa da Israelgo buruzagiek isiltasun politika mantentzea horrelakoak gertatzen direnean. Herrialdeak ez du inoiz onartu Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagi politikoaren hilketa Teheranen, Iranek Israeli egotzi zion eraso batean.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bozeramaile ohi eta aholkulari batek X sare sozialeko mezu batean aditzera eman du Israel zegoela erasoen atzean, baina Netanyahuren bulegoa haren hitzetatik aldendu da, eta nabarmendu du adierazpen horien arduradunak, Topaz Luk aholkulariak, hilabeteak daramatzala bozeramaile kargutik kenduta.
Israelgo prentsaren arabera, agintari militarrek alerta egoeran mantentzeko esan diete iparraldeko eskualdeei, baina biztanleentzako jarraibideak ez dira aldatu.
Ondorioak Sirian eta Iranen
Erasoak Mojtaba Amani Irango Libanoko enbaxadoreari eragin dio, enbaxadak berak sare sozialetan baieztatu duenez. Argitu duenez, enbaxadoreak ez du zauri larririk, baina Amani biktimen artean egoteak Israelen eta Iranen arteko tentsioak areagotuko ditu.
Sirian, Hezbollahko miliziano ugari zaurituta ospitaleratu dituzte hainbat tokitan, besteak beste, Damaskon, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera. Hezbollah Bashar al-Assaden erregimenaren aliatu garrantzitsua da, eta Israelen erasoak jasan ditu Sirian.