Mundua -
Europako Batzordea
Von der Leyenen gobernu berria: gizon gehiago eta eskuinzaleago
Europako Batzordeko presidenteak (Alderdi Popularra) Teresa Ribera Espainiako ministroa hautatu du Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakorrerako presidenteorde gisa. Italiako eskuin muturrak sei Presidenteordetzetako bat eskuratuko du.
Agentziak | EITB Media
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko (EB) presidenteak aukeratu du bere gobernuaren egitura, sei presidenteorde proposatuta. Aurrekoarekin alderatuta eta ekainaren 9ko hauteskunde emaitzen isla, ez da horren berdinzalea izango —komisarioen % 40 emakumezkoak dira, baina presidenteordeen artean andrazkoak dira nagusi — eta eskuinera joko du —presidenteorde sozialista bakarra dago, Ribera espainiarra, eta beste bat, eskuin muturrekoa—. Von der Leyenek iragarri duenez, sei presidenteordeek sail propioa izango dute, euren erantzukizun horizontalez gain.
Bi izenek ardura berezia izango dute Batzordearen lantalde ekonomikoan: Teresa Ribera Espainiako Gobernuko presidenteorde hirugarrena eta Stephane Sejourne frantsesa. Ministro sozialista Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakorrerako Presidenteordetzarako nahi du Von der Leyenek. Sejourne macronista, aldiz, Oparotasun eta Industria Estrategiako presidente izateko proposatu du.
Riberaren kasuan, Lehiakortasun departamentuaren ardura ere hartuko du. Sejournek Industria, enpresa txiki eta ertainak eta Merkatu bakarraren ardura izango du.
Eskuin muturreko Raffaele Fitto Italiako eurodiputatu ultra Kohesio eta Erreformen Presidenteordetzarako nahiko luke EBko presidenteak. Roxana Minzatu errumaniarra Enplegu, Eskubide Sozial eta Hezkuntza presidenteorde izateko proposatu du. Henna Virkkunnen finlandiarra Segurtasun, Demokrazia eta Subiranotasun teknologiko presidenteorde gisa aukeratu du Von der Leyenek. Horiei guztiei Kaja Kallas estoniarraren izena batu behar zaie, hurrengo urteetan Europako Diplomaziaren burua izango dena (27ek aukeratu dute).
Proposamenok mahai gainean daudela, Europako Parlamentuak hautagaien curriculum eta egokitasuna aztertuko ditu. Europako ganberak atzera bota ditzake proposamenok (2019an hiru baztertu zituen).
Prozesua behin amaituta ekingo dio jardunari Europako Batzorde berriak (ofizialki, azaroaren 1erako dago aurreikusita).