Mundua -

KRISIA VENEZUELAN

Ertzaintzak baieztatu du bi euskal herritar atxilotu dituztela Venezuelan

Venezuelako Barne ministroak "ekintza terroristak" egin nahi izatea eta Espainiako zerbitzu sekretuekin "lotura" izatea leporatzen die. Espainiako Gobernuak erabat ukatu du CNIko kideak direnik. Familiek ere turismoa egiten ari zirela esan dute.

Martinez eta Basoa. Argazkia: EFE
Martinez eta Basoa. Argazkia: EFE
Martinez eta Basoa. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EITBri baieztatu dionez, bi euskal herritar atxilotu dituzte Venezuelan: Jose Maria Basoa Valdovinos eta Andres Martinez Adasme bilbotarrak. Horien senideek salaketa jarri zuten ertzain-etxean desagerpenaren berri emanez, irailaren 2tik ez zutelako haien berri, eta Ertzaintzak egiaztatu du biak atxilotuta daudela Karibeko herrialdean, baina ez du jakinarazi zein den horiek atxilotzeko arrazoia. Senideek ETBri esan diotenez, turismoa egitera joan ziren Venezuelara, eta irmoki ukatu dute CNIrekin inolako zerikusirik izatea.

Senideek sare sozialen bitartez ere eman zuten abisua irailaren 9an. Desagertuak azken aldiz irailaren 2an Iniridan (Kolonbia) ikusi zituztela, eta Venezuelako Puerto Ayacuchora zihoazela zabaldu zuten. Gidarik gabe bidaiatzen ari omen ziren, eta egun horretan izan zuten azken hartu-emana haiekin telefonoz.

Bi euskal herritarrak abuztuaren 17an abiatu ziren Madrildik Caracasera. Venezuelako hiriburuan ibilgailu bat alokatu zuten Amazonas ingurura joateko, Kolonbia eta Venezuela arteko mugara, hain zuzen ere. Berez, irailaren 5ean bueltatu behar zuten autoa, baina ez zuten egin. Abuztuaren 31n, txalupa batean atera ziren Puerto Ayacuchotik Kolonbiara, eta igande honetan hartu behar zuten Madrilera itzultzeko hegazkina.

Orain jakin da duela lau egun eman zutela tokiko komunikabideek atxiloketaren berri. Bi gazte bilbotarrak eremu militar batean baimenik gabe egoteagatik atxilotu zituztela zabaldu zuten hango komunikabideek, eta galdeketan izan zuten "jarrera urduriak" Poliziaren susmoak piztu zituela. Debekatutako gune batean omen zeuden atxilotu zituztenean, gidarik gabe. Zonalde horretan, kontrabandoa, droga-trafikoa eta legez kanpoko meategiak daudela nabarmendu dute komunikabideek, eta ez dela ohikoa atzerritarrak Venezuako gidarik gabe ibiltzea han.

Eusko Jaurlaritza harremanetan dago atxilotuen senideekin "babesa emateko" eta "behar duten guztia" haien esku jartzeko.

Jaurlaritzako iturrietatik jakinarazi dutenez, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak irekita du bide diplomatikoa Martinez (32 urte) eta Basoa (35 urte) euskal herritarrei laguntzeko.

Puerto Ayacucho, bi bilbotarrak atxilotu zituzten tokia.

"Terrorismoa"

Venezuelako Gobernuak atxilotutakoen artean espainiar nazionalitatea duten bi gizon daude. Hiru estatubatuar eta Txekiako gizon batekin batera atxilotu dituzte, "terrorismoa" leporatuta. Venezuela desegonkortzeko helburuz "ekintza terroristak" egitea helburu zuen operazio batean parte hartzea leporatzen diete. Ekintza horien artean Nicolas Maduro presidentea hiltzea legoke, Diosdado Cabello Venezuelako Barne ministroaren hitzetan.

Espainiako zerbitzu sekretuekin (CNI) lotura izatea ere leporatzen diete, baina Espainiako Gobernuak gezurtatu egin du hori.

Diosdado Cabello Barne ministroak Venezuelako hedabide publikoen aurrean eman duen prentsaurrekoan esan duenez, "AEBtik eramandako 400 arma baino gehiago ere atzeman" dituzte operazioan.

Atxilotuetako batzuek Venezuelara "mertzenario talde bat" eraman nahi zutela gaineratu du, Nicolas Maduro presidentea eta chavismoaren beste buruzagi batzuk hiltzeko asmoz.

Cabelloren esanetan, bi euskal herritar horiek Puerto Ayacuchon atxilotu dituzte. Atxilotuak "zaintzapean daude, galdekatzen ari gara, eta, beste herrialde batzuetan betetzen ez dutena betez, gainera, giza eskubideak errespetatuz", adierazi du Cabellok.

Operazioaren atzean AEBko Inteligentzia Agentzia Zentrala (CIA) eta Espainiako CNI daudela ere esan du, eta oposizioko buruzagiek bazutela "ezegonkortze operazio" horren berri.

Espainiako Gobernuak ukatu egin du

Espainiako Atzerri Ministerioko iturri ofizialek gezurtatu eta errefusatu egin dute "Venezuela desegonkortzeko operazio batean murgilduta" dagoenik. Espainiako "Gobernuak egiaztatu du atxilotuak ez direla ez CNIko ez bestelako estatu erakunde bateko kide", eta "Venezuelako egoera konpontzeko irtenbide demokratiko eta baketsua" defendatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro