Mundua -

Italia

Fiskaltzak 6 urteko kartzela-zigorra eskatu du Salvinirentzat, 'Open Arms' ontzia blokeatzeagatik

Garai hartan Barne ministro zenak 2019ko abuztuan 20 egunez ukatu zion Italian lehorreratzea 147 pertsona zeramatzan 'Open Arms' ontziari. Salvini ez da bistara joan, eta haren defentsak "ildo politiko bat" epaitzen ari direla argudiatu du.

Open Arms, Italian lehorreratzeko baimenaren zain, 2019an.
Open Arms, Italian lehorreratzeko baimenaren zain, 2019an.
Open Arms, Italian lehorreratzeko baimenaren zain, 2019an.

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako Palermo hiriko Fiskaltzak 6 urteko kartzela-zigorra eskatu du Matteo Salvini ultraeskuindarrarentzat, 2019ko abuztuan 147 etorkin zeramatzan Open Arms ontzia blokeatzeagatik, immigrazioaren aurkako politikak baliatuz.

Palermoko Auzitegian alegazio luze bat egin ostean eskatu du Marzia Sabella fiskalak zigor hori, eta ondorioetan adierazi du, besteak beste, ontzi horren "ukatze kontzienteak 147 etorkinen askatasunari kalte egin ziola, arrazoi ulergarririk gabe".

Salvini, gaur egun Giorgia Meloniren gobernuko presidenteorde eta Azpiegitura ministro dena, pertsonak bahitzea eta botere-abusua egotzita ari dira epaitzen, baina akusatua ez da epaitegira agertu. 

Garai hartan Barne ministro zenak 2019ko abuztuan Open Arms Mediterraneoan erreskatatutako 147 etorkin zeramatzan ontzia Italian lehorreratzea eragotzi zuen, portu itxien bere politika sutsua baliatuz.

20 egunez luzatu zen egoera jasangaitza, harik eta 2019ko abuztuaren 20ko gauean, justiziak esku hartu eta, azkenean, itsasontziari Lampedusa uharteko portura sartzeko eta ontzian geratzen ziren 83 etorkinak lehorreratzeko baimena eman zuen arte. Gainerako migratzaileak aurreko egunetan ateratzen joan ziren pixkanaka, osasun arrazoiak argudiatuta.

Zigorra eskatu aurretik, Colagero Ferrara fiskal ordezkoak esan duenez, "prozesu honek ez du politikotik ezer", "ekintza administratiboak epaitzen ari dira", politikari ultraeskuindarrak ministro gisa egindakoak.

Ferrarak azaldu duenez, besteak beste, Salvini ministro izendatu zutenean, 2018ko ekainean, "lehorreratzeei buruzko erabakiak bere kabinetera eraman zituen Askatasun Zibiletarako eta Immigraziorako Departamentuak". "Ministro zen erabakitzen zuena, eta hori funtsezko elementua da", argudiatu du.

Giulia Bongiorno defentsa abokatuak argudiatu du akusazioa "apur bat kontraesankorra" dela, eta bere ustez ""ildo politiko bat" dela epaitzen dena. 

Prozesuan zehar, Salvinik defendatu du bere asmoa Italiako mugak defendatzea eta Europako estatuen artean etorkinen banaketa behartzea zela, eta esan du orduko gobernuak partekatu egiten zituela bere politikak. Ligaren eta Giuseppe Conte lehen ministroa buru zuen 5 Izarren Mugimenduaren arteko koalizioak osatzen zuten Gobernua.

Fiskaltzak esan du, nolanahi ere, erreskatatutako pertsonekiko errespetuak beste ezeren gainetik egon behar duela. "Printzipio oinarrizko eta eztabaidaezina dago: giza eskubideen eta Estatuaren subiranotasunaren babesaren artean, gure ordenamenduan beti lehenetsi behar dira aurrenekoak", adierazi du.

2020ko uztailean, Senatuak immunitate parlamentarioa kendu zion Salviniri, eta horri esker ari dira epaitzen.

Lehen graduko epaia urriaren erdialdean espero da. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Italia Ultraeskuina