Mundua -

Gaza erasopean

Israelek Nuseiraten egindako erasoetan sei langile hil dituztela salatu du UNRWAk

Horietatik guxtienez hiru Hamaseko kide zirela dio Israelek. Guztira, 18 pertsona hil ditu Israelek Gazako erdialdean, Al Jaouniko eskolan egindako bonbardaketetan. "Eskolak eta bestelako azpiegitura zibilak uneoro babestu behar dira, ez dira helburu bat", esan du UNRWAk.

Nuseirateko eskola, Israelen erasoak suntsitua. EFE.
Nuseirateko eskola, Israelen erasoak suntsitua. EFE.
Nuseirateko eskola, Israelen erasoak suntsitua. EFE.

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatu palestinarrentzako duen agentziak (UNRWA) salatu duenez, sei langile hil ditu Israelek Nuseiraten, Gazako Zerrendako erdialdean, eskola baten aurka egindako bi aire-erasotan. Guztira, 18 pertsona hil dituzte indar israeldarrek eraso horietan.

"Hau izan da eraso bakar batean langile gehien hil diren aldia", deitoratu du UNRWAk bere profilean.

Hildakoen artean daude UNRWAren aterpeko zuzendaria eta Al Jaouni eskolan 12.000 desplazaturi (haurrak eta emakumeak, oro har) laguntza ematen zieten taldeko beste kide batzuk.

Bitartean, Israelek dio langileetako hiru, gutxienez, Hamaseko miliziano ere bazirela. Ohar baten bidez, Jaouni eskolaren aurkako bonbardaketan hil ziren ustezko bederatzi miliziano palestinarren izenak zehaztu dituzte gaur Israelgo indarrek, horien artean, agentziako hiru langile identifikatu ditu.

Israelgo armadak sarritan erasotzen die UNRWAren zentroei, eta Hamasi leporatzen dio instalazio horiek armak, tunelak edo aginte-guneak ezkutatzeko erabiltzea. 

Gaur, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak esan du eraso hilgarria "onartezina" dela, eta berretsi du premiazkoa dela "Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa lazgarri horiei amaiera ematea, oraintxe bertan".

Israelgo Armadak komunikatu baten bidez baieztatu duenez, Hamasek Nuseiraten duen ustezko zentro bati egin dio eraso eskola horren kontra egitean.

UNRWAren datuen arabera, Al Jaouni eskolari bost aldiz eraso diote urrian Gazako erasoaldia hasi zenetik, eta 40 pertsona inguru hil dira.

Azken erasoa uztailaren 6an izan zen, 16 palestinar hil eta beste 50 zauritu zituen.

"Eskolak eta bestelako azpiegitura zibilak uneoro babestu behar dira, ez dira helburu bat", esan du UNRWAk. "Gatazkako alderdi guztiei dei egiten diegu eskolak edo inguruko eremuak helburu militarrekin edo borrokarako inoiz ez erabiltzeko".

Erreakzioak erasoaren aurrean

Palestinako Gobernuak irmo gaitzetsi du "sarraski izugarria", eta Gazako Zerrendaren aurkako erasoaldian tropa israeldarrek egindako "sarraski basatien" artean bat gehiago dela adierazi du.

Hala, "potentzia okupatzaileari presioa egiteko adorea erakuts" dezala eskatu dio nazioarteari, "palestinarren aurkako erasoa, genozidioa eta desplazamendua gelditzeko" eta herritarrei "nazioarteko babesa" emateko.

Azkenik, X sare sozialean argitaratutako ohar batean, "UNRWAko langileak eta beste langile humanitario batzuk babestea" eskatu du, "Israelgo okupazio indarrek egindako gerra krimenen aurrean". 

Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak Gazako Zerrendan lan egiten duten langile humanitarioak babestesko dei egin du, Nuseirateko erasoa gertatu eta ordu batzuetara. "Beharrezkoa da langile humanitarioak dauden guneak babestea, eta halaxe eskatu diogu, beste behin ere, Israeli", adierazi du Blinkenek Varsovian emandako prentsaurreko batean.

Qatarrek, Israelen eta Hamasen arteko bitartekari nagusietako batek, "gogor" gaitzetsi du UNRWAk Nuseirateko eskola baten aurka egindako erasoa eta Israelek errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziaren (UNRWA) babeslekuen eta eskolen aurka egindako erasoen nazioarteko ikerketa premiaz eskatu du ostegun honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak