Mundua -

Venezuela

Pedro Sanchez Edmundo Gonzalezekin bildu da, Kongresuak Venezuelako presidente aitortzeko eskatu ostean

Espainiako gobernuburuak Moncloa jauregian harrera egin dio Venezuelako oposizioko kideari. Igandean iritsi zen Caracasetik Madrilera, eta asiloa eskatzeko asmoa du. Espainiak Venezuelako herritarren giza eskubideen, demokraziaren eta elkarrizketaren alde lan egiten jarraituko duela adierazi dio.

Edmundo Gonzalez eta Pedro Sanchez, Moncloa jauregian
Edmundo Gonzalez eta Pedro Sanchez, Moncloa jauregian
Pedro Sanchez Edmundo Gonzalez Venezuelako oposizioko kidearekin bildu da Moncloa jauregian

0:41

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Edmundo Gonzalezekin bildu da gaur goizean, Moncloako iturriek baieztatu dutenez, Diputatuen Kongresuak Edmundo Gonzalez Venezuelako presidente hautetsi gisa aitortzeko eskatu eta biharamunean.

Batzarra Moncloa Jauregian egin dute, 10:00etan.

Espainiak Venezuelako herritarren giza eskubideen, demokraziaren eta elkarrizketaren alde lan egiten jarraituko duela adierazi dio Sanchezek Gonzalezi.

Edmundo Gonzalez Urrutia oposizioburu antichavista eta Venezuelako presidentegai izandakoa pasa den igandean iritsi zen Madrilera, egun batzuk Espainiak Caracasen duen enbaxadorearen egoitzan igaro ostean. Espainiako Gobernuak berri eman duenez, asiloa eskatzeko asmoa du eta eman egingo zaio.

Diputatuen Kongresuak Edmundo Gonzalez Venezuelako presidente hautatu gisa aitortzea eskatu arren, Venezuelarekin "negoziatzeko tartea" izan nahi du Espainiako Gobernuak eta, hortaz, ez du berehalakoan egingo. Aste honetan Pedro Sanchez berak azaldu duenez, Europan jarrera bateratua lortzeko lanean ari da. Sanchezen arabera, bere gobernuak Venezuelako Gobernuari eskatu dio hauteskundeetako aktak argitaratzeko eta ez du Nicolas Maduroren garaipena aitortu. Horren ordez, Europar Batasunean jarrera bateratua lortu nahi du urte amaiera bitartean "negoziatzeko tartea" izateko eta egoerari "konponbide demokratikoa" eman eta venezuelarrek hautestontzietan erakutsitako borondatea errespetatzeko.

Espainiaren jarrera "zentzuzkoa" dela uste du Sanchezek, eta oposizioari aurpegiratu dio gobernuaren ekimen guztien aurka egitea.

Igandean emaztearekin batera Madrilera iritsi zenetik, Edmundo Gonzalezek ez du oraingoz adierazpen publikorik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da munduan gaur? Espainiako Gobernua bideoak Espainia argazkiak Pedro Sánchez bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Venezuela albisteak