Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Inkesten arabera, Harrisek irabazi du debatea eta bere taldeak bigarren eztabaida bat eskatu du
CNN telebista kateak egindako galdeketa baten arabera, boto-emaileen % 63k uste dute hautagai demokrata hobeto aritu dela. Trumpek, ordea, bere burua jo du irabazletzat eta uzkur agertu da berriz lehiatzeko aukeraz galdetuta.
Agentziak | EITB Media
Kamala Harris AEBko presidenteordearen lantaldeak Donald Trump errepublikanoarekin telebistaz bigarren eztabaida bat egitea eskatu du, hautagai demokratak lehen aurrez aurrekoa irabazi eta gero. Hala diote behintzat inkestek.
CNN telebista kateak egindako galdeketa azkar baten arabera, esaterako, eztabaida ikusi duten boto-emaileen % 63k uste dute Harrisek hobeto egin zuela; % 37k Trumpen alde egin dute.
Eztabaida hasi baino lehen egindako zundaketan, boto-emaile berberak zatituago zeuden. Ondoren galdetuta, boto-emaile demokraten artean zoriona da nagusi, ia guztiek (%97) jo dute Harris garaile. Errepublikanoen ustez, ia hiru laurdenek (% 69) iritzi diote Trump izan dela irabazlea.
"Dibertigarria izan da. Egin dezagun berriro", eskatu du sare sozialetan Brian Fallon Harrisen aholkularietako batek.
Hain justu, hautagai demokrataren kanpainako taldeak urrian beste eztabaida bat antolatzea eskatu du. "Harris presidenteordea prest dago bigarren debate baterako. Hala egongo al da Trump?, itaundu dute.
Berez, eztabaida bakarra zegoen aurreikusita, Trumpek hiru galdegin bazituen ere. Hautagai errepublikanoaren ustez, berak irabazi du debatea: "Galtzen duzunean, errebantxa nahi izaten da", bota du.
Gerora, baina, uzkur azaldu da, Fox News telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean. "Agian ez genuke egin behar", aitortu du.
Hainbat telebista kate beste eztabaida bat egiteko prest azaldu dira, baina, oraingoz, hitzordu bakarra dago antolatuta: Presidenteordetzarako hautagaiek urriaren 1ean egingo dutena.