Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Harrisek estu hartu du Trump, akusazio pertsonalez jositako debate batean

Hautagaiek oso bestelako jarrerak agertu dituzte abortuaren, migrazioaren edo kanpo politikaren inguruan. Trump, oldarkor, gezurrak ere bota ditu. Esan duenez, migratzaileek "txakurrak eta katuak jaten dituzte Ohion" eta demokraten politiken ondorioz, jaioberriak "exekutatzen" dituzte.

Donald Trump eta Kamala Harris, debatearen une batean. Argazkia: EFE
Donald Trump eta Kamala Harris, debatearen une batean.
Donald Trump defentsiban jarri du Kamala Harrisek, eztabaida bizian

0:34

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kamala Harris AEBko presidenteorde eta hautagai demokratak eta Donald Trump presidentegai errepublikanoak debate bizia izan dute bart, azaroaren 5eko AEBko presidenterako hauteskundeen harira ABC News telebista kateak Filadelfian antolatutako eztabaidan. 

AEBko presidente ohiaren aholkulariak beldur ziren, eta azkenean bete egin dira aurreikuspenak. Trump urduri agertu da, bere onetik aterata zenbaitetan, eta akusazio pertsonalak ahotan. Harrisek ondo eutsi dio, lasai antzera. 

Antza, hautagai errepublikanoaren lantaldekoak burumakur atera dira debatetik. Izan ere, aditu gehienen ustez, Harris gailendu da eztabaidan. 

Dena dela, biek ala biek eraso pertsonalak erabili dituzte, eta bestea AEBko demokraziarentzat "arriskua" dela leporatu diote elkarri. 

Donald Trump defentsiban jarri du Kamala Harrisek, eztabaida bizian
Donald Trump defentsiban jarri du Kamala Harrisek, eztabaida bizian
Donald Trump defentsiban jarri du Kamala Harrisek, eztabaida bizian

0:34

Trumpen amen-omenak

Migrazioa, abortua eta 2020ko hauteskundeak hizpide izan ditu milioidunak, hainbat kasutan gezurrak ere botata. Izan ere, salatu duenez, Haitiko migratzaileek "kaosa" eragiten ari dira Springfielden (Ohio), eta maskotak harrapatzen dituztela, jateko: "Txakurrak jaten ari dira, katuak, eta bestelako etxeko animaliak", bota du. Harrisek ezin izan dio barreari eutsi.

Abortua hizpide, Trumpek esan du demokraten politiken ondorioz, emakumeek bederatzi hilabeteko daudela abortatzen dutela eta jaioberriak "exekutatzen" direla. Debatearen moderatzaileek berehala hartu dute hitza, baieztapenok gezurtatzeko. 

Argi erantzun dio Harrisek: "Gobernuak eta Donald Trumpek ezin diote esan emakume bati zer egin bere gorputzarekin". Hala, maila federalean abortua babestearen alde agertu da (Gorenak 2022an baliogabetu zuen). 

Ez-hitzezko lengoaia

Zalantza zegoen Harris eta Trump elkar agurtuko ote zuten. Gelara sartutakoan, bere lekura joan da zuzenean hautagai errepublikanoa. Harrisek, aldiz, eszenatokia gurutzatu du eta eskua luzatu dio aurkariari. "Kaixo, Kamala naiz. Izan dezagun debate on bat", esan dio eskua estututa. "Pozten naiz zu ikusteaz. Ondo pasa", erantzun dio Trumpek. 

Harris eta Trump elkar agurtzen. EFE

Eztabaida beroa izan da, eta hautagaiek ez-hitzezko lengoaia erabili dute bestearen esanak zuzentzeko. 

Telebistek zatitutako pantaila darabiltela jakitun, Harrisek hainbat arbuio keinu egin ditu Trumpek hitz egiten zuen bitartean: bekaina altxatu, begiak bat-batean itxi, eta burlati Trumpi begiratu. 

Iseka keinuak erabili ditu Trumpek ere, eta mikrofonoak isilarazita zeuden arren, hitz egiten hasi da Harris mintzatzen ari zela. Gehienetan, baina, kamerari finko begira azaldu da, gorputza artez, eta Harrisi begirada zuzendu gabe. 

Taylor Swift "ahalguztidunak" Harris babestu du

Taylor Swift AEBko abeslari ezagunak iragarri duenez, Kamala Harrisen alde egingo du azaroaren 5eko hauteskundeetan. 

Debatea bukatu eta gutxira, Instagram sare sozialean duen kontuan mezua eskegi du Swiftek. Azaldu duenez, Harrisek "gudari batek defendatu beharreko eskubide eta auzien alde borrokatzen du. Buruzagi sendo eta trebatua da, eta uste dut herrialde honetan gehiago lortu dezakegula, kaos barik, lasaitasunari eusten badiogu. Walz presidenteorde aukeratu izanak ere poztu eta hunkitu nau. Hamarkadak daramatza LGTBQ+ pertsonen eskubideak, in vitro ernalketa edo emakumeon gorputzon eskubideak defendatzen". 

Artistak uste du "oso gardena" izan behar dela hauteskundeen kontura. Nonbait Trumpen webguneak bere alde bozkatuko zuela zabaldu zuen, eta hori "faltsua" da. "Adimen Artifizialaren inguruan eta gezurrak zabaltzearen arriskuez ditudan beldurrak astindu ditu. Ondorioztatu dut oso argia izan behar naizela nire boto-asmoaz. Desinformazioari aurre egiteko modu errazena egia esatea da", arrazoitu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Kamala Harris