Mundua -
AEB
Trump eta Harris aurrez aurre izango dira bihar, hauteskunde kanpainako debate bakar eta erabakigarrian
"The New York Times" egunkariak eta Siena College unibertsitateak egindako galdeketa baten arabera, hautagai errepublikanoak aurrea hartu dio boto asmoan demokratari (% 48 eta % 47, hurrenez hurren). Hala, eztabaida giltzarri izan daiteke zalantzatiak konbentzitzeko.
Agentziak | EITB Media
Azaroaren 5eko AEBko presidentziarako hauteskundeetako bi hautagaiek, Donald Trumpek eta Kamala Harrisek, hitzordu garrantzitsua dute bihar, asteartea, oraindik botoa erabaki ez duten horiek erakartzeko. Ziurrena, kanpainako eztabaida bakarra egingo dute biek ala biek, eta inkesten emaitza estuak tarteko, akaso erabakigarria izango da.
Demokraten eta errepublikanoen arteko azken aurrez aurrekoa ekainean izan zen, eta Biden eta Trump izan zituen protagonista. Historia egin zuen debateak, AEBko presidentearen hautagaitzaren gainbehera baieztatu eta haren dimisioa azkartu zuen eta.
Azken inkestek aurreikusitako emaitzek gatza eta piperra eman diote eztabaidari. Izan ere, The New York Times egunkariak eta Siena College unibertsitateak elkarlanean egindako galdeketaren arabera, Trump jo dute garaile, boto asmoaren % 48rekin. Harris, baina, gertu du errepublikanoak, puntu eskasera (% 47). Galdeketaren akats tartea hiru puntukoa da, beraz, biek irabazi dezakete lehia.
Bidenek dimisioa eman eta Harrisek lekukoa hartu zionetik, beherakada izan du Trumpen kanpaina. Dena dela, azken inkesta horrek argi erakutsi du babesari eutsi diola hautagai errepublikanoak.
Biak ari dira prestatzen, onartzen ez duten arren
New York Times egunkariaren arabera, Kamala Harrisek bost egun eman ditu itxita Pittsburgheko hotel batean (Pennsylvania, Filadelfia). Antza, debatearen eszenatokiaren kopia prestatu du, eta Donald Trumpen ordezko batekin (berdin jantzi eta berdin hitz egiten ei du) eztabaidatu du.
Trumpek publikoki esan du ez duela prestaketarik behar. "Bizitza osoa daramat debate horretarako prestatzen (...) Gaiak ezagutu behar dituzu, gaiak bizi, eta nik egin egiten dut: (demokratek) eragindako arazo ikaragarri horiek pairatzen ditut. Bilerak izan ditugu, bai, hitz egin dugu, baina horretaz gain, apenas egin daiteke zerbait. Gaia menperatzen duzu ala ez duzu menperatzen", azaldu du New Hampshiren egin dioten elkarrizketa batean.
ABC newsek zabaldu duenez, ordea, Trumpek dioena baino gehiago ari da prestatzen debatea. Aholkulari talde txiki batekin bilerak egiten ari da, eta tartean daude Matt Gaetz eta Tulsi Gabbard ordezkari errepublikoanoak.
Trump gai polemikoenei —dituen arazo judizialak, batik bat— aurre egiteko gai izateko trebatzen ari dira.
Hautagai errepublikanoaren gertukoak beldur dira Trump gai pertsonaletan sartuko ote den, eztabaida politikoa bazter utzita. Bere zaleek maite duten estiloa da hori, baina zaila da jarrera horrekin zalantzatiak erakartzea.
Errepublikanoak badu abantailarik, hobeto moldatzen baita halako egoeretan, agerraldi publikoetan Harrisek baino eskarmentu zabalagoa du eta.
Debatearen arauak zorrotz negoziatu dituzte bi aldeek, eta Biden/Trump eztabaidaren baldintza berak mantendu dituzte: publikorik gabeko platoa, hitz egiteko eta erantzuteko denbora neurtua, aholkulariekin harremanik ez eta aldez aurretik prestatutako ohar idatzirik ez.
Isildutako mikrofonoak izan omen dira negoziazioen arantzetako bat. Harrisen taldeak mikrofonoak zabalik nahi zituen, Trumpen bat-bateko erreplikak entzun ahal izateko, baina eskaera ez dute azkenean aintzat hartu.