Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Edmundo Gonzalez, lanaldiaren murrizketari buruzko eztabaida eta Arantzazuko Amaren eguna
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko irailaren 9an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Edmundo Gonzalez Espainian: Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordeak azken orduotan nabarmendu duenez, elkarrizketa "luze eta zabalak" izan dituzte Espainiako Gobernuarekin Edmundo Gonzalez Venezuelako oposizioko kidea hartzeko. Aurrez, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak ukatu egin du Venezuelako Gobernuarekin negoziazioak egon direnik.
- Lanaldiaren murrizketari buruzko eztabaida: Udako etenaren ondoren, Espainiako Lan Ministerioak eta eragile sozialek berriro ekingo diote lanaldiaren murrizketa negoziatzeari. Helburua lan-astea 37,5 ordura murriztea da, eta sindikatuak ez ezik, patronala ere akordiora batuko da.
- Arantzazuko Amaren Eguna: Gipuzkoako zaindari den Arantzazuko Amaren Eguna da irailaren 9a, eta Arantzazun egingo den mezan izango dira Imanol Pradales lehendakaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, besteak beste. Halaber, Maria Ubarretxena sailburua eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea ere bertan izango dira.