Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Greba orokorra deitu dute Israelen, bahituak askatzeko balioko lukeen akordioa behartzeko
Israelgo sindikatu garrantzitsuenak greba orokorra deitu du asteleheneko 06:00etan hasita, Israelgo Gobernua Hamasekin su-etena lortzea behartzeko. Oposizioko buruak, enpresariek eta hiri nagusietako alkateek ere bat egin dute deialdiarekin.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Hamas talde islamistarekin su-eten akordioa sinatzeko eskatzeko manifestazio jendetsuak egin dituzte gaur arratsaldean Israelgo hiri nagusietan, sei bahitu israeldar Gazan hilik erreskatatu baitituzte. Testuinguru horretan, oposizioko buruak greba orokorrean parte hartzera deitu ditu herritarrak, Netanyahuri presioa egiteko.
Izan ere, Histadrot Israelgo sindikatu handienak greba orokorra deitu du bihartik aurrera, Israelgo ekonomia geldiarazteko helburuz, Tel Aviveko aireportua barne. Gazan geratzen diren bahituak askatzeko su-etena sinatzea ezinbestekoa dela defendatzen duen herritar eta senideen mugimenduarekin bat egin dute sindikatuek.
"Bihar, goizeko 06:00etatik aurrera (03:00 GMT), Israelgo ekonomia gelditu egingo da. Goizeko 08:00etan (05:00 GMT) aireportua itxiko da eta aireratzeak eta lurreratzeak bertan behera geratuko dira", adierazi du Histadruteko presidente Arnon Bar-Davidek, ohar batean.
"Oraintxe, akordioa da gauzarik garrantzitsuena", adierazi du, segurtasun indarretako arduradun askorekin izandako elkarrizketen arabera, "su-etena arrazoi politikoengatik blokeatuta" dagoela dirudiela salatu aurretik.
"Ondorio batera iritsi naiz", esan du, "soilik gure esku-hartzeak konbentzitu ditzake konbentzitu behar direnak. Horregatik, bihar, goizeko 06:00etan, lan-merkatu osoak greba hasiko du", iragarri du Bar-Davidek, 800.000 afiliatu baino gehiago dituen erakundeko arduradun nagusiak.
"Nazioa gelditu" lelopean deitu duten greba deialdiarekin bat egin du Israelgo Enpresa Foroak ere, Israelgo 200 enpresarik handienak biltzen dituen taldeak, alegia.
Ron Huldai Tel Aviveko alkateak aurreratu duenez, eurek ere bat egingo dute asteleheneko grebarekin, bahituen familien alde, eta itxi egingo dituzte udal bulegoak. Gauza bera egingo dute Givatayimeko eta Kfar Sabako alkateek ere, besteak beste.
300.000 manifestari Tel Aviven, Gazako su-etenaren aldeko aldarrian
Gainera, Bahituen Senideen Foroak "oroimen martxa bat" deitu du gaurko, hilkutxa sinbolikoekin, Tel Aviven, Jerusalemen eta Israelgo beste dozenaka tokitan, su-etena aldarrikatzeko.
300.000 lagun inguru bildu dira, haserre, Tel Aviven. Netanyahuren dimisioa eskatu dute eta Hamasekin akordioa egin dezala eskatu diote, berriz ere, gatibuak etxera ekarri ahal izateko.
Hiriaren kanpoaldean, manifestariek autobideak blokeatu dituzte, pneumatikoei su eman eta barrikadak sortuz.
Haifa portuan ere, herrialdearen iparraldean, milaka pertsonak hirira sartzeko bide guztiak blokeatu dituzte, banderak eskutan.
Bezperan ere milaka lagun atera ziren kalera Tel Aviven Netanyahuren eta bere eskuin muturreko gobernuaren aurka protesta egiteko, hauteskundeak aurreratzea eskatzeko eta Hamasekin su-eten akordio bat sinatzea galdegiteko, Gazan gatibu jarraitzen duten 97 bahituak askatzea ahalbidetzeko bide bakar gisa (horien herena hilda dagoela uste da).
Haserrea areagotu egin da igande honetan, Israelgo Armadak baieztatu baitu bart Gaza hegoaldeko tunel batetik berreskuratu zituen gorpuak Hamasek urriaren 7ko erasoan bahitu zituen sei bahiturenak direla (lau gizon eta bi emakume).
"Bizirik zeuden. Netanyahuk eta heriotzaren kabineteak ez salbatzea erabaki zuten. Oraindik bizirik daude bahituak, akordio batera irits gaitezke. Netanyahu ez da akordioa egiten ari arrazoi politikoengatik", deitoratu du Yair Lapid oposizioko buruak, eta greba orokorrarekin bat egitera deitu du.
Netanyahuk bere jarrera defendatzen jarraitzen du, dena dela. "Bahituak hiltzen dituztenek ez dute akordiorik nahi", erantzun du Netanyahuk, grabatutako mezu batean. "Guk, berriz, ez dugu amore ematen. Israelgo Gobernuak konpromisoa hartu du, eta nik neuk ere bai, bahitutako guztiak itzuliko dituen eta gure segurtasuna eta existentzia bermatuko duen akordio baten alde borrokatzen jarraitzeko".