Mundua -
Hauteskundeak Alemanian
AfD ultraeskuindarrak lehen garaipena lortu du Alemaniako estatu batean, Bigarren Mundu Gerraz geroztik
Bestalde, Batasun Kristau-Demokrata (CDU) alderdi kontserbadoreak ozta-ozta irabazi du Saxonian, eskuin muturrari puntu bateko aldea bakarrik aterata, behin-behineko datuen arabera.
agentziak | eitb media
Batasun Kristau-Demokrata (CDU) alderdi kontserbadoreak irabazi ditu eskualdeko hauteskundeak Saxonia estatuan, % 31,5eko babesarekin, Alemaniarentzako Alternatiba (AfD, % 31,4) alderdi ultraeskuindarrak baino pixka bat gorago geratu da. Eskuin muturreko alderdiak lortu ditu boto gehien, ordea, Turingian ( % 33,4), eta CDU bigarren postuan geratu da ( % 23,8), behin-behineko datuen arabera.
Bi alderdi horien atzetik geratu da Sahra Wagenknecht Aliantza-Arrazoia eta Justizia (BSW), politika ekonomiko komunista zein AfDren immigrazioaren aurkako jarrera bera duen alderdia. Saxonian, botoen % 11,5 lortuko lituzke, eta Turingian, berriz, % 15,5, beti ere hauteslekuen itxieran egindako inkestaren arabera.
Saxonian, laugarren postuan Alderdi Sozialdemokratarentzat litzateke (SPD, % 7,6), eta ondoren Berdeak leudeke (% 5,1, duela bost urte baino hiru puntu gutxiago). Ezkerra (% 4) eskualdeko parlamentutik kanpo geratuko litzateke %5era iritsi ez delako.
Turingian, laugarren postua Ezkerrarentzat da, botoen % 11,5ekin, 2019ko % 31tik oso urrun (orduan lehen indar politikoa izan zen). SPDk % 7 lortuko luke (% 8,2, 2019an), eta Berdeak ordezkaririk gabe geratu dira, % 4rekin.
AfD Turingiako alderdi bozkatuena zela zion lehen sondeoen berri izan ostean, Björn Höcke buruzagiak gobernua osatzeko eskubidea aldarrikatu du ARD telebista publikoan egindako elkarrizketa batean: "Lehen aldiz Parlamentuko lehen indarra gara. Alderdi tradizionalek umiltasuna erakutsi behar dute eta emaitza onartu. Jendeak bozkatu eta aldaketak nahi dituela esan du, AfDrekin bat eginez. Jendea nazkatuta dago gure aurkako osasun-hesiaz".
CDUko idazkari nagusiak, Carsten Linnemannek, baina, demokristauek ez dutela AfDrekin gobernu-koaliziorik hitzartuko ziurtatu du, ez Turingian, ez Saxonian. Itxura guztien arabera, bi estatu federatuetan gobernua osatzeko negoziazioek luze joko dute, oso neketsuak izango dira eta zer esana duten alderdi guztien arteko ulermena beharko da.
Analisten arabera, Saxonia eta Turingiako estatu federatuetan izandako hauteskundeen emaitzak kolpea izan dira Olaf Scholz kantzilerrarentzat eta Berdeekin eta FDPko liberalekin duen koalizio-gobernuarentzat, baina ez da lurrikararik izan; eta, beraz, Alemaniako burua ez dago salbuespenezko neurri politikoak hartzera behartuta, hauteskunde aurreratuak, esate baterako.
"AfD da igande honetako irabazlea, baina Saxonian ez da indartsuena eta CDU, SPD eta Berdeen koalizioa berregin daiteke", dio ildo horretan Wolfgang Merkel Ikerketa Sozialerako Berlingo Zentroko politologoak. Gainera, Turingian ere, ultraeskuinak irabazi arren, ez dira boterera iristeko gai.