Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Israelek hilik aurkitu ditu sei bahitu Rafahn, Gaza hegoaldean

Senideak oso haserre agertu dira, eta manifestazioa egingo dute Gobernuak "bazterrean" utzi dituelako. Gobernuak "barkamena" eskatu die. Netanyahuk mugimendu islamista jo du negoziazioetarako oztopo nagusitzat: "Bahituak hiltzen dituenak ez du akordiorik nahi".

Bahituen askatasuna aldarrikatzeko protesta, Israelen. Argazkia: EFE
Bahituen askatasuna aldarrikatzeko protesta, Israelen. Argazkia: EFE
Bahituen askatasuna aldarrikatzeko protesta, Israelen. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak sei bahituren gorpuak aurkitu ditu Rafahko lur azpiko tunel batean, Gaza hegoaldean, eta Israelera eraman ditu.

Hildako seiak dira urriaren 7an Hamasen erasoan bahitutakoak: Carmel Gat, Eden Yerushalmi, Hersh Goldberg-Polin estatubatuar-israeldarra, Alexander Lobanov, Almog Sarusi eta Ori Danino.

Hain zuzen ere, Kaid Farhan al Qadi bahitu beduinoa bizirik aurkitu zuten lekutik kilometro batera aurkitu dituzte gorpuak, Hagari Armadaren buruak zehaztu duenez.

Hori horrela, 97 dira bahituta jarraitzen dutenak, urriaren 7an bahitutako 256etik. Guztira 33 dira hildako bahituak, oraingoz.

Senideen haserrea

"Duela bi hilabete baino gehiagotik dago mahai gainean bahituak ekartzeko akordio bat mahai gainean. Atzerapenengatik, sabotajeengatik eta aitzakiengatik izan ez balitz, hil direla jakin dugun hauek bizirik egongo lirateke", erantzun du Bahitutako eta Desagertutako Senideen Foroak albistearen berri izan duenean, eta manifestazioak iragarri ditu Jerusalemen eta Tel Aviven.

"Netanyahu: aitzakia gehiagorik ez. Aldaketa gehiagorik ez. Bazterketarik ez. Gure bahituak etxera ekartzeko unea iritsi da: bizirik daudenak osatzeko eta hildakoak dagozkien herrialdeetan lurperatzeko", berretsi du, Gobernuak "bahituak baztertu" dituela salatzeko manifestazioak iragarri orduko. "Netanyahuk baztertu egin zituen bahituak. Orain errealitate bat da. Bihartik aurrera, herrialdeak dar-dar egingo du. Herrialdea gelditu egingo da. Amaitu da bazterketa", adierazi du plataformak.

Israelgo agintarien erreakzioak

Isaac Herzog Israelgo presidenteak barkamena eskatu die, "Israelgo Estatuaren izenean", sei bahituen familiei.

"Israelgo Estatuaren izenean, besarkada senide guztiei barru-barrutik, eta barkamena eskatzen dut bahituak etxera onik ez itzultzeagatik", adierazi du ohar batean, Benjamin Netanyahu lehen ministroari aurrea hartuz.

Benjamin Netanyahu lehen ministroak Hamas mugimendu islamista palestinarraren gain utzi du sei bahituen heriotzaren erantzukizun guztia: "Israelgo herritar guztiak bezala, erabat hunkituta sentitu naiz sei bahituak hil dituztelako", jakinarazi du Netanyahuk, gertatutakoaren aurrean izandako lehen erreakzioan, eta bahituen familiek egindako kritika gogorren ostean. Zentzu horretan, Netanyahuk mugimendu islamista jo du negoziazioetarako oztopo nagusitzat: "Bahituak hiltzen dituenak ez du akordiorik nahi", adierazi du. 

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak, Benjamin Netanyahu lehen ministroak zuzentzen duen segurtasun kabineteari bidalitako mezu publiko batean, joan den ostegunean hartutako erabakia zuzentzeko eta Gaza eta Egipto arteko mugan, Filadelfia korridorean, dauden militarrak erretiratzeko eskatu du. "Segurtasun eta politika kabinetea berehala bildu behar da, eta ostegunean hartutako erabakia atzera bota", adierazi du Gallantek. Deitoratu duenez, "beranduegi da odol hotzean hil dituzten bahituentzat", baina "oraindik gatibu daudenak etxera itzuli behar dira".

Premiazko bilkura eskatu du oposizioak

Bestalde, Yair Lapid Israelgo oposizioko buruzagiak Knesset edo Israelgo Parlamentuan "premiazko" bilkura egitea eskatu du igande honetan, bahituak jarraitzen duten israeldarrak askatzeko eta su-etenerako akordioa behartzen saiatzeko.

Lapidek gutun bat igorri dio Benjamin Netanyahu lehen ministroaren Likud alderdiko Amir Ohana Knesseteko presidenteari, astelehen honetan osoko bilkura bat deitzeko eskatuz. "Haien heriotzak ekidin zitezkeen. Akordio bat lor zitekeen. Herriaren gehiengoa akordio horren alde dago. Parlamentuaren gehiengo bat dago akordio horretarako prest", adierazi du X sare sozialean.

"Bizirik zeuden. Netanyahuk eta heriotzaren gobernuak ez salbatzea erabaki zuten. Bahituak bizirik daude oraindik. Oraindik akordio bat lor daiteke. Netanyahuk ez du arrazoi politikoengatik egiten ", salatu du Lapidek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Hamas Benjamin Netanyahu