Mundua -
AEBko hauteskundeak
Kamala Harrisek bere baloreak eta iritzi aldaketak defendatu ditu hautagai gisa emandako lehen elkarrizketan
CNN katean egin diete elkarrizketa Tim Walz presidente-orderako hautagaiari eta biei. Kaliforniako fiskal nagusia izan zenetik bere posizioak garatzen joan dela onartu du, baina baloreak ez direla aldatu azpimarratu du.
Agencias | EITB Media
Kamala Harrisek bere lehen elkarrizketa eskaini du ostegun honetan, Alderdi Demokratak AEBko Presidentetzarako hautagai izendatu ostean. Migrazio eta ingurumen gaiei buruzko politiketan izan dituen iritzi-aldaketen defentsa sutsua egin du. Esperientziak perspektiba berriak eman dizkiola baina bere "baloreak ez direla aldatu" azpimarratu du.
Harrisek eta Tim Walz formula-kideak CNN katea aukeratu dute hautagai gisa lehen elkarrizketa emateko. 2021eko urtarrilean Bidenekin batera presidenteordetza hartu zuenetik jarreraren bat edo beste aldatu duela onartu du, baina "nire baloreak ez direla aldatu da garrantzitsuena", argitu du.
Fracking-a izan da iritzi aldaketa izan duen gaietako bat. Kazetariak gogorarazi dio, 2019an, gasa eta petrolioa lurpetik ateratzeko teknika hori debekatzearen aldekoa zela Harris, baina presidenteorde kargura iritsi zenean, kontratuak hedatzearen alde bozkatu zuela. Hautagai demokratak erantzun du ez duela fracking-a debekatuko, "energia garbiko ekonomia oparo bat debekurik gabe eraiki daitekeelako". "Krisi klimatikoa benetakoa da, premiazko gaia da. Oso argi daukat nire jarrera ", esan du.
Bidenen administrazioak migrazio arloan eman duen aldaketa - etorkinei asilorako sarbidea mugatuz - ere defendatu du Harrisek. "Legez kanpo muga zeharkatzen duen jendeari aurre egiteko bete beharreko legeak ditugu", esan du. Bere aurkari Donald Trump kritikatzeko ere aprobetxatu du, bi alderdi nagusietako hainbat legelarik mugako segurtasuna indartzeko egin duten lege-proiektuaren aurka azaldu baitzen.
Horrez gainera, lehen elkarrizketa honek aukera eman dio, presidente aukeratzen dutenean, "aukeren ekonomiaren" aldeko plana aplikatuko duela azpimarratzeko. Hain zuzen ere, "klase ertaina babestea eta indartzea" dela bere lehentasun nagusia ziurtatu du.
Kanpo politikari dagokionez, ez duela Biden Administrazioaren jarrera aldatuko jakinarazi du. "Israelek bere burua defendatzeko eskubidea" duela berretsi du eta jarrera horri eutsiko diola.
Elkarrizketa osorik emititu aurretik, Donald Trump hautagai errepublikanoak gogor kritikatu du Etxe Zurirako lasterketan aurkari duenaren jarrera eta erantzunak. "Ez dut Txinako Xirekin edota Kim Jong-un-ekin negoziatzen ikusten", esan du. Harris eta Trump aurrez aurre izango dira ABC telebista kate estatubatuarrean irailaren 10ean egingo duten eztabaidan.
Boto-intentzioari buruzko azken inkestek Harrisek egoerari buelta eman eta Trump gainditu duela adierazten dute. Esaterako, FiveThirtyEight webguneak egindako inkesten batez bestekoaren arabera, 3,4 puntuz aurreratu du hautagai errepublikanoa, % 47,1eraino.