Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek sei pertsona hil ditu Zisjordania okupatuan eta milizia palestinarrek oldarraldia salatu dute
Urritik Gazan eragin dituen 40.400 hildakoez gain, Israelgo Armadak bost pertsona, tartean bi adingabe, hil ditu azken orduetan Zisjordania iparraldean. Gainera, kolonoek beste zibil bat erail dute Betleemen (erdialdea).
Agentziak | EITB Media
Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoak eta Jihad Islamiarrak Israelen oldarraldia salatu dute Zisjordania okupatuan. Izan ere, Israelgo Armadak bost pertsona hil ditu aire bidez egindako erasoetan, eta kolonoek beste pertsona bat erail dute.
Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Israelek Tulkaremgo (Zisjordania iparraldea) Nur Shams errefuxiatuen eremuan jaurtitako drone batek bost pertsona hil ditu. Hildakoen artean bi adingabe daudela ere zehaztu dute iturriok.
Horrez gain, 40 urteko palestinar bat zendu da Wadi Rahalen, Betleem hiriko hegoaldean (lurraldearen erdialdea), kolono israeldarrak herrixkan sartu eta bertakoen kontra tiroka hasi baitira. Hiru pertsona gehiago zauritu dira, gainera.
"Pertsona bat hil da eta beste hiru zauritu dira kolonoen tiroengatik", adierazi dute Osasun Ministerioak bidalitako oharrean.
Wafa albiste agentzia palestinarraren arabera, Israelgo soldaduek kolonoak babestu eta granadak eta gas negar-eragileak bota dituzte herritarren kontra.
Bigarren Intifadatik (2000-2005), indarkeria olderik bortitzena pairatzen ari da Zisjordania okupatua, eta urriaren 7tik, 641 pertsona, tartean 149 adingabe, hil ditu Israelek Palestinako lurralde horretan. Kolono israeldarrek 10 bat pertsona hil dituzte.
"Zisjordaniaren kontrako erasoek gure indar eta irmotasuna handituko dute, ez dute gure erresistentzia geldiaraziko eta haserrea piztuko dute lurralde osoan. Deia egiten diegu herritarrei jarrai dezatela kolonoei eta okupazioari aurre egiten", adierazi du Hamasek, ohar bidez.
Jihad Islamiarraren arabera, Israelgo Armada eta kolonoak Zisjordaniaren kontra egiten ari diren "oldarraldiak agerian utzi du etsaiak Gazako erasoak Zisjordaniara eraman nahi dituela orain".