Mundua -
Ekialde Hurbila
30 hildakotik gora eragin ditu Israelek Gazan azken orduetan, tartean emakumeak eta haurrak
Israelgo armadak bi eskola-guneri eraso die azken orduetan, horietako batean desplazatutako pertsonak zeuden. Bien bitartean, Israel eta Libano arteko mugan, Hamaseko komandante bat larri zauritu dute drone israeldar batekin egindako eraso batean.
Agentziak | EITB Media
Israel eta Libano arteko mugan egoera baretu bada ere, Israelgo Armadak Gazako Zerrendako hainbat punturen aurkako erasoekin jarraitu du, eta 30 hildako eta 66 zauritu baino gehiago eragin ditu. Dagoeneko, 40.435 hildako eta 93.534 zauritu zenbatu ditu gerra hasi zenetik Gazako Osasun Ministerioak.
Nuseirateko kanpamendutik gertu, Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) desplazatuak jasotzen zituen Al Ezz bin Abdul Salam eskola bonbardatu dute. Oraingoz, ez da zehaztu zenbat pertsona hil eta zauritu diren leku horretan, baina jakina da hainbat emakume eta haur zeudela bertan.
Bestetik, Jan Yunisen Hamasen eraso bati erantzun diotela bat baieztatu dute FDIko indarrek, "eskola baten inguruan". Armadak dioenez, jaurtigaiak jaurtitzen zituzten lekua "modu selektiboan" suntsitu zuten, baita "beste azpiegitura terrorista bat" ere. Horrez gainera, Deir al Balahko hego-ekialdean, Israelgo droneek bi pertsona hil dituzte.
Armadak konfirmatu du Rafan eta Gazako hainbat hiritan operatiboak eta erasoak egiten jarraitzen dutela.
Bien bitartean, Israel eta Libano arteko mugan erasoak gutxitu egin dira, igandean Israelgo Armadaren eta Hezbollah talde xiitaren artean izandako eraso gurutzatuen ostean. Hala ere, goizean zehar, Hamaseko komandante bat, Nidal Hleihil, larri zauritu dute Israelek Sidon hiritik gertu drone batekin egindako erasoan. Bi jaurtigairen kolpea jaso du auto batean zihoanean, 'Al Nahar' egunkari libanoarraren argitalpen digitalak jasotzen duenez.
Era berean, Israelek larrialdi militar egoera mantentzen du. Horrek, eraso gehiago izanez gero, Israelgo indar armatuei herritarrei jarraibideak helarazteko aukera ematen die.
Larunbatetik iganderako gaua bonbardaketa eta eraso gurutzatuen gaua izan zen. Israelek bonbardaketa gogorrak egin zituen Libano hegoaldean, borrokarako 100 hegazkin baino gehiago erabilita. Eraso prebentiboa izan zen, Hizbula herrialdearen iparraldera eta erdialdera zuzendutako berehalako eraso handi baterako prestatzen ari zela identifikatu baitzuten. Hezbollahk 340 jaurtigai bidali zituela jakinarazi zuen eta erasoa arrakastatsutzat jo zuen.
Guztira, lau hildako izan ziren: hiru Libano hegoaldean, horietako bat Amal talde xiitako miliziano bat, eta Israelgo Itsas Armadako soldadu bat.
Milizia xiitak duela aste batzuk iragarri zuen eraso hau egingo zuela. Israelek uztailaren 30ean Beiruteko kanpoaldean egindako bonbardaketa batean hil zen Fuad Shukr komandante militar gorenaren hilketaren mendekua izan da.
Horrez gainera, Hezbollahk elkartasuna adierazi zion Hamasi —Palestinako talde islamistari— Israelek Gazako Zerrendaren aurkako erasoa hasi zuenean, urriaren 7ko erasoaren ondoren. Ordutik, gora egin du borroen mailak Israel eta Libano arteko mugan eta 2006ko gatazkatik izandako larriena bihurtu da. Hilabeteotan, 630 pertsona baino gehiago hil dira.
Iranek ere Israelen aurkako erasoak agindu ditu, uztailaren 31n Teheranen izandako eraso baten mendeku gisa. Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagi politikoa hil zen bertan.