Mundua -

ATENTATUA ALEMANIAN

Estatu Islamikoak bere gain hartu du Alemanian hiru pertsona hil eta zortzi zauritu dituen erasoa

Bi pertsona atxilotu dituzte erasoarekin zerikusia dutelakoan, tartean 15 urteko adingabe bat. Erasoaren berri izan eta ez zuela eragozteko ezer egin uste dute ikertzaileek, eta horregatik atxilotu dute.

Hainbat lagun bildu dira erasoaren lekuan, biktimak omentzeko. Argazkia: EFE
Hainbat lagun bildu dira erasoaren lekuan, biktimak omentzeko. Argazkia: EFE
Hainbat lagun bildu dira erasoaren lekuan, biktimak omentzeko. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoak bere gain hartu du Alemaniako Solingen herrian bart izandako erasoa, larunbat arratsaldeko azken orduan zabaldu denez. Erasoa "Palestinako eta beste leku batzuetako musulmanen mendekua" dela dio testuak, ZDF telebista alemaniarraren arabera.

Alemaniako Poliziak bi pertsona atxilotu ditu erasoarekin zerikusia dutelakoan.

Batetik, larunbat arratsaldeko lehen orduan, 15 urteko mutil bat atxilotu dutela iragarri dute, Solingenen ostiral gauean labanaz egindako erasoarekin zerikusia duelakoan. Erasotzaile batek hiru pertsona hil eta zortzi zauritu zituen, horietako bost larri. Erasoa izango zela aurrez jakitea eta saihesteko ezer ez egitea leporatuta atxilotu dute, antza, nerabea, baina Poliziak ez du uste bera denik erasotzailea

"Polizia-operazioan, lagun bat atxilotu dugu, eta beharrezko ikerketak egiten ari gara krimenarekin zerikusirik duen argitzeko", azaldu du Dusseldorfeko Poliziak ohar batean. 

Der Spiegel aldizkariak jakinarazi duenez, atxilotua errefuxiatuentzako harrera-zentro batean bizi den Kirgizistango herritar bat da.

Testuinguru honetan, Alemaniako ARD telebista publikoak jakinarazi du Polizia operazio bat egiten ari dela errefuxiatuentzako aterpe batean.

Zonaldea hesituta daukate operazio berezietako ehunka agentek. "Informazioa jaso dugu eta informazio horretan oinarritutako ekintza bat egiten ari gara", adierazi du Poliziaren bozeramaile batek.

Hala, larunbat gauean oharra kaleratu du Poliziak berriz ere, bigarren pertsona bat atxilotu dutela jakinaraziz. Litekeena da operazio horretan atxilotu izana pertsona hori.

Erasoa

Atentatua ostiral iluntzean gertatu zen, 21:45 inguruan, Ipar Renania-Westfalia estatu federatuko Solingen hiriaren 650. urteurrena ospatzeko jaialdian. Oraindik identifikatu gabe dagoen gizon bat jendea sastatzen hasi zen. Kaosa aprobetxatuz, ihes egitea lortu zuen, hiru pertsona hil eta zortzi zauritu ondoren, horietatik bost larri.

Alemaniako Poliziak operatibo handi bat abiatu du egilea bilatzeko; agente armatuak, ibilgailu bereziak eta helikopteroak erabiltzen ari dira horretarako.

Poliziak erasoaren inguruko informazioa edo irudiak emateko eskatu die herritarrei, Interneten horretarako bereziki sortutako atari baten bidez, erasotzailea identifikatu eta aurkitzen laguntze aldera.

Agintariek uste dute gizon bakar batek egin zuela erasoa. Hainbat pertsona lepoan sastatu ondoren, erasotzaileak ihes egitea lortu zuen izuaren erdian.

Kontzertu baten erdian izan zen erasoa, eta jaialdia bertan behera utzi zuten. Herritarrei eskatu diete hiriko alde zaharra saihesteko eta, ahal dela, etxean geratzeko.

"Solingenen denok gaude atsekabetuta. Gure hiriaren urteurrena ospatu nahi genuen, eta orain hildakoengatik dolua gorde behar dugu eta zaurituak deitoratu. Malkoak ditut begietan eta bihotza hautsita. Hil direnak ditut gogoan, eta otoitz egiten dut oraindik euren bizitzaren alde borrokan ari direnen alde", idatzi du Tim Kurzbach Solingen hiriko alkateak Facebooken.

Nancy Faeser Barne ministroak labanak bide publikoan mugatzeko planak iragarri eta egun gutxira gertatu da erasoa. Poliziaren estatistiken arabera, iaz arma zuriz egindako 9.000 lesio kasu erregistratu ziren Alemanian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak