Mundua -
Gaza, erasopean
Hamasek ordezkaritza bat bidali du Kairora, su-etenerako negoziazioen une garrantzitsu batean
Hamaseko bozeramaileak berretsi du taldea "bake akordio bat onartzeko prest" dagoela, uztailaren 2an iragarritako baldintzetan oinarrituta, ekainean Joe Biden AEBko presidenteak egindako proposamenarekin bat eginez gero.
Agentziak | EITB Media
Gazako su-etenerako elkarrizketetan une garrantzitsu batean, Hamas mugimendu palestinarrak ordezkaritza bat bidali du Egiptoko hiriburura, Kairora. Hala ere, bileran parte hartzeko asmorik ez duela argitu du, eta elkarrizketen ondorioak entzutera baino ez doala.
Izzat Al Rishq Palestinako mugimenduaren bozeramaileak egin du iragarpena, eta zehaztu du ordezkaritza gaur gauean iritsiko dela hirira, Jalil al Haya mugimenduaren arlo politikoaren presidenteordea buru dela.
Ameriketako Estatu Batuak (William Burns Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendaria eta Brett McGurk Ekialde Hurbilerako Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko ordezkaria tartean) eta Qatar eta Egipto ere ari dira elkarrizketetan parte hartzen, azken hori herrialde anfitrioi gisa.
Aurretik, Hamasek jakinarazia zuen ez zela Kairoko elkarrizketetan izango, "negoziazio sorta berriekin jarraitu beharrean" aurretik adostutakoa bultzatzeko deia egin zuen.
Hamaseko bozeramaileak orain berretsi duenez, taldea "bake akordio bat onartzeko prest dago", uztailaren 2an proposatutako baldintzetan oinarrituta. Baldintza horiek bat zetozen Joe Biden AEBko presidenteak ekainean egindako proposamenarekin.
Bidenek su-eten baterako iragarritako plana hiru fasetan egituratzen da. Lehenengoan, sei astetan, indar israeldarrak Gazako gune populatuetatik erretiratuko lirateke eta preso palestinar batzuk askatuko lituzkete, bahitu zaurgarriak entregatzearen truke. Bigarrenean, gainerako bahituak askatuko lituzkete, liskarren amaiera iraunkor baten esparruan. Hirugarren eta azken fasean, berriz, Gazako Zerrenda berreraikitzen hasiko lirateke eta hilda dauden bahituen gorpuak entregatuko lituzkete.
Hala ere, Israelek etorkizunean Gazan izango duen presentzia aparteko oztopo bihurtu da negoziazioetan, bereziki Rafah hiriko Filadelfia korridorean, Gazako Zerrendaren eta Egiptoren arteko mugaren alde palestinarrean.
Izen horrekin ezagutzen da bi herrialdeen arteko muga zehazten duen 14 kilometro luzeko lur-zerrenda. Alde palestinarra Palestinako Agintaritzaren kontrolpean geratu zen 2005eko deskonexio planetik aurrera, eta Kairoren kontrolpean geratu zen Egiptoko aldea.