Mundua -

AEB

Kamala Harrisek Etxe Zurirako hautagaitza onartu du: "Guztion presidentea izango naizela hitz ematen dut"

Harrisek historia egin du, presidentegai izatea lortu duen lehen emakume afroamerikarra eta Asia hegoaldeko arbasoak dituen lehen hautagaia delako. "Hauteskundeotan, gure herrialdeak aukera bikaina du zinismoa eta zatiketa eragiten duten gatazkak atzean uzteko", esan du.

Harris, biltzarraren une batean. Argazkia: EFE
Harris, biltzarraren une batean
Kamala Harrisek Etxe Zurirako hautagaitza onartu du

0:42

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kamala Harris Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak modu ofizialean onartu du Alderdi Demokrataren hautagai izatea Etxe Zurirako, eta, horrela, historia egin du, presidentegai izatea lortu duen lehen emakume afroamerikarra eta Asia hegoaldeko arbasoak dituen lehen hautagaia baita. "Estatubatuar guztien presidentea" izango dela hitzeman du hitzaldian.

"Herriaren izenean, estatubatuar guzion izenean, horien arraza, genero edo bere amamak hitz egiten duen hizkuntza gorabehera, eta bizitza bidaia noizbait abiatu duten guztion izenean, eta haurtzaroan ondoan izan nituen estatubatuar guztien izenean, gogor lan egin, ametsei jarraitu eta elkar zaintzen duten horienean, haien historioa Lurreko naziorik handienean soilik idatz daitekeen horien izenean, Ameriketako Estatu Batuetako Presidentetzarako hautagai izatea onartzen dut", adierazi du. 

Horren ildotik, presidentegai demokratak esan du bere ibilbide osoan "bezero bakarra" izan duela: "jendea". "Hauteskundeotan, gure herrialdeak aukera bikaina du zinismoa eta zatiketa eragiten duten gatazkak atzean uzteko, bide berri bat egiteko aukera, ez alderdi bateko kide gisa, estatubatuar gisa baizik", azaldu du.

Harris, hitzaldiaren une batean. Argazkia: EFE

Halaber, erantsi duenez, "fida zaitezte beti nirekin herrialdea alderdiaren eta norberaren gainetik jartzeko, Estatu Batuetako oinarrizko printzipioak sakratu mantentzeko, zuzenbide-estatutik eta hauteskunde aske eta bidezkoetatik, boterea modu baketsuan erabiltzeraino. Gure asmo handienen inguruan batuko gaituen presidentea izango naiz".

Horrela, horren hitzetan, "gidatu eta entzun" egingo duen agintaria izango da, "errealista, praktikoa eta zentzuduna", "estatubatuarren alde beti borrokatuko dena". "Epaitegietatik Etxe Zuriraino, horixe izan da nire bizitzako lana", azpimarratu du. Gainera, fiskal gisa "banku handiei", trafikoa egiten duten kartelei eta segurtasuna "arrikuskuan jartzen dutenei" aurre egin ziela esan du, baita beteranoak, ikasleak eta langileak "defendatu" ere.

Kargurako pertsona egokia dela ziurtatu eta gero, Donald Trump Alderdi Errepublikanoaren presidentegai eta AEBko presidente ohia izan du hizpide. "Ez da oso gizon serioa", esan du, baina "Etxe Zurian berriz egotearen ondorioez" ohartarazi du. "Kontuan izan bere agintaldian sortutako kaosa, eta azken hauteskundeetan gertatutakoaren larritasuna", adierazi du 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioari egindako erasoa gogora ekarrita. 

"Zuen botoak baliogabetzen saiatu zen. Porrot egin zuenean, herritar talde armatu bat bidali zuen Kapitoliora, eta han agenteei eraso egin zieten. Bere alderdikideek talde horri egindako deialdia bertan behera utzi eta laguntza bidaltzeko eskatu ziotenean, guztiz kontrakoa egin zuen. Zenbait delituren sugarrak bizitu zituen", gogorarazi du, Trumpen auziak gogoratu eta gero.

Harrisek, gainera, bere burua aurkeztu du, bere gurasoen jatorria eta gizarte maila ertainean izandako iragana azpimarratuz. Era berean, Joe Biden presidenteari esker ona agertu dio. "Elkarrekin egin dugun bidean pentsatzen dudanean, Joe, eskerrak baino ez ditut. Zure ibilbidea aparta da, historiak erakutsiko duenez. Zure izaera inspiratzailea da".

Milaka pertsona izan dira Demokraten Biltzarrean. Argazkia: EFE

Ukraina eta Israeli babesa

Atzerri politikari dagokionez, Ukrainari eta Israeli babesa emango diela iragarri du, eta berretsi du su-etenaren akordioa lortzeko "unea" dela, bahituak askatzeko. Bestalde, "Israelek defendatzeko duen eskubidea" nabarmendu du, "Hamas erakunde terroristak urriaren 7an eragindako sarraskiari" aurre egin behar diotelako. "Baina Gazan azken hamar hilabeteetan gertatu dena ikaragarria da. Bizitza gehiegi galdu dira", esan du.

Gainera, Iranen aldeko miliziei erreferentzia eginez, "inoiz ez dut zalantzarik egingo Iranek babestutako terroristengandik defendatzeko beharrezkoa den edozein ekintza egiteko". Horren esanetan, "Trump babesten ari dira Irango agintarien aldeko miliziak, hitz gozoekin eta mesedeekin manipulatzen erraza dela badakitelako. Badakite Trumpek ez dituela autokratak erantzule egingo, berak autokrata izan nahi duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Kamala Harris