Mundua -
Gerra Gazan
Israelek sei bahituren gorpuak berreskuratu ditu Gazatik
Erreskate honekin, Armadak Hamasek urriaren 7an bahitutako 30 lagunen gorpuak berreskuratu ditu. 116 bahitu bizirik atera dira Gazatik eta, kalkuluen arabera, beste 105 geratzen dira barruan, horietatik 34 hilda daude ofizialki.
Agentziak | EITB MEDIA
Israelgo agintariek baieztatu dute Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak urriaren 7an bahitu zituen sei bahituren gorpuak Gazatik berreskuratzea lortu dutela.
Armadako ordezkariek azaldu duenez, gauean aurkitu dituzte gorpuak Jan Yuniseko tuneletan eta Auzitegi Medikuntzako Institutu Nazionalak eta Israelgo Poliziak identifikatu dituzte.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, bere aldetik, esan du Israelgo Estatuak "ahalegin guztiak" egiten jarraituko duela "bahitutako guztiak, bizirik daudenak eta hildakoak, itzultzeko". Lehen ministroak "ausardia eta ekintzarako indarra" eskertu die armadak soldaduei eta Shin Beteko agenteei, eta "doluminak" helarazi dizkie hildakoen familiei.
Gorpu horiek erreskatatu ondoren, Hamasek bahitu zituen 251 lagunetatik 105 geratzen direla Gaza barruan kalkulatzen da, eta baieztatuta dago horietako 34 hilda daudela.
Hilabete hauetan zehar, Israelgo Armadak 30 bahituren gorpuak berreskuratu ditu. Gainera, 116 gatibu bizirik atera dira: zazpi operazio militarretan erreskatatu dituzte, eta gainerakoak azaroan askatu zituzten, gerra honetan lortutako su-eten akordio bakarraren ondorioz (105 bahitu eta 240 preso palestinar trukatu zituzten).
Bien bitartean, nazioarteko ordezkariak beste su-eten akordio bat lortzeko ahaleginetan ari dira Egipton. Helburu horrekin iritsi da Kairora Antony Blinken Estatu Batuetako Estatu idazkaria ere. Blinkenen hitzetan, Netanyahuk azken proposamena onartu du, eta, orain, Hamasi presioa egiten ari zaio gauza bera egin dezan.