Mundua -
NAZIOARTEKO OSASUN-LARRIALDIA
Mpox-aren hedapena aztertuko du gaur EBk, eta autonomia erkidegoek bilera egingo dute asteartean
Mpox-aren kontrako txertaketa-estrategian aldaketaren bat egitea aztertzen ari da Espainiako Osasun Ministerioa. Hala, neurri gehiago proposa ditzake agerraldia aktibo dagoen herrialdeetara joaten diren pertsonentzat.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Munduko Osasun Erakundeak asteazkenean nazioarteko larrialdia ezarri eta gero, Europar Batasuneko Osasun Segurtasuneko Batzordeak bilera egingo du gaur mpox gaitzaren zabalkundea aztertzeko, eta, biharamunean (hilak 20), Espainiako Osasun Ministerioa erkidego autonomikoetako ordezkariekin bilduko da, horren aurrean zer neurri har daitezkeen aztertzeko.
Gaurkoa bilera teknikoa izango da, eta Kongoko Errepublika Demokratikoan gaur egun dagoen mpox edo tximino-baztanga agerraldia geldiarazteko neurriak aztertuko dituzte bertan.
Batzorde horrek koordinatzen du osasun orokorra arriskuan jar dezaketen mugaz gaindiko mehatxuei Europar Batasunak ematen dien lehen erantzuna, eta funtsezkoa da herrialde bakoitzak hartutako neurri espezifikoei buruzko informazioa trukatzeko. Espainiako Gobernuak Pedro Gullon Osasun Ministerioko Osasun Publikoko eta Osasun Ekitateko zuzendari nagusia bidaliko du bertara.
Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) ostiralean adierazi zuenez, "oso litekeena" da mpox kasu inportatu gehiago agertzea ondorengo egunetan Europan, baina ez da "kutsatze katerik" egongo, "azkar jokatuz gero".
Zaintza eraginkorra, laborategiko probak, ikerketa epidemiologikoa eta kontaktuen jarraipena egiteko gaitasuna bermatzea eskatu zuen ECDCk, Munduko Osasun Erakundeak eskatzen dituen neurriekin bat eginez.
Gaitzaren aldaera hori erraz kutsa daiteke bi pertsonaren artean kontaktu estua izanez gero, sexu-harremanik izan gabe ere, eta 2022koa baino arriskutsuagoa da. Orduko hartan ere antzeko alerta bat sortu zen, eta maiatzean geratu zen bertan behera, gaitzaren hedapena kontrolpean zegoela erabaki ondoren.
Danimarkako Bavarian Nordic farmazia enpresak ostiralean iragarri zuenez, Sendagaien Europako Agentziari (EMA) eskatu dio onarpena eman diezaiola mpox-aren aurkako txertoa nerabeei ere jartzeko. Enpresa horren txertoa da EBn eta AEBn mpox-aren kontra onartuta dagoen bakarra.
Agerraldia izan den herrialdean, Kongoko Errepublika Demokratikoan, 15.664 kasu eta 548 heriotza zenbatu dituzte urte hasieratik: 15 urtetik beherakoei dagozkie kasuen % 56 eta heriotzen % 79.
Afrikako beste 13 herrialdetan ere erregistratu dira kasuak.
2022ko agerralditik, 8.104 kasu erregistratu dira Espainian. Gehienak (7.521) urte horretan bertan gertatu ziren, Osasun Ministerioaren datuen arabera.
Espainiako Osasun Ministerioa asteartean bilduko da autonomia erkidegoetako ordezkariekin
Espainiako Osasun Ministerioa mpox-aren txertaketa-estrategian aldaketaren bat egitea baloratzen ari da. Gaur egun arriskua eragin dezaketen sexu-harremanak dituzten pertsonei, kontsulta espezializatuetako osasun langileeei eta laborategiko langilei gomendatzen diete, eta neurri gehiago hartzea pentsatzen ari dira agerraldia aktibo dagoen herrialdeetara joaten direnentzat.
Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak X sare sozialean argitaratutako hari batean eman du horren berri. Azaldu duenez, gaur, EBko osasun ordezkarien bilera egin ondoren, asteartean egoera aztertuko dute autonomia erkidegoekin, eta neurri gehiago hartzea komeni den edo ez erabakiko dute.
Osasun sailburuak Espainian eta Europa osoan arriskua "txikia" dela azpimarratu du eta, horren ondoren aurreratu duenez, "arriskurik handiena dute Afrikan mpox agerraldi garrantzitsuak dituzten herrialdeetara bidaiatzen duten pertsonek", eta, beraz, horiekin "bestelakorik" egin behar ote den aztertuko dute.
2022 eta 2024 bitartean Espainian mpox-aren aurrean izandako "jardun ona" goraipatu du, "autonomia erkidegoekin eta, batez ere, estigmarik gabe eta eraginkortasunez horri heltzea ahalbidetu zuten kolektiboekin batera egindako lanari esker".