Mundua -
U28
AEEk, EBk eta 22 herrialdek hauteskundeetako aktak argitaratzeko eskatu diote Venezuelari
Europar Batasunak eta hainbat herrialdek adierazpen bat sinatu dute hauteskundeen ikuskapen "inpartziala eta independentea" eskatuz, Hauteskundeetako Kontseilu Nazionalak Nicolas Maduro garaile izendatu ostean.
agentziak | eitb media
Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) ebazpen bat onartu du bart Venezuelako agintariei uztailaren 28ko hauteskundeen aktak "lehenbailehen" argitara ditzaten eskatzeko.
Testua ez da loteslea, eta AEBk eta Antigua eta Barbudak aurkeztu zuten, Argentina, Kanada, Txile, Ekuador, Guatemala, Paraguai, Dominikar Errepublika, Surinam eta Uruguai estatuen babesarekin.
Ebazpenean, "hauteskunde mahai bakoitzeko aktak lehenbailehen argitaratzeko" eskatzen diote Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalari, eta "herri burujabetzaren oinarrizko printzipioa errespetatzeko, hauteskunde prozesuaren gardentasuna, sinesgarritasuna eta zilegitasuna bermatuko lituzkeen ikuskapen inpartzialarekin".
Era berean, 22 estatuk, tartean Espainiak, eta Europar Batasunak "akta original guztiak berehala argitaratzeko" eskatu diote Nicolas Maduroren Gobernuari, hauteskundeen ikuskaritza "inpartzial eta independentea"rekin batera.
Ikuskapenaren "atzerapenak" kolokan jartzen du abuztuaren 2an argitaratutako emaitzen egiazkotasuna, Roberto Alvarez Dominikar Errepublikako Atzerri ministroak Santo Domingon (Dominikar Errepublika), adierazpenaren gainerako sinatzaileekin batera, irakurri duen testuaren arabera.
Argentinak, Kanadak, Txilek, Txekiak, Costa Ricak, Ekuadorrek, Espainiak, AEBk, El Salvadorrek, Guatemalak, Guyanak, Italiak, Marokok, Herbehereek, Panamak, Paraguaik, Peruk, Erresuma Batuan, Surinamek, Portugalek, Dominikar Errepublikak, Uruguaik eta Europar Batasunak "zentzuz" jokatzeko eskatu diote Venezuelari: "Venezuelarentzat eta eskualde osoarentzat hain garrantzitsua den une honetan, eragile sozial eta politiko guztiek jokatu behar dute tentuz ekintza publiko guztietan".