Mundua -
VENEZUELA
Venezuelak errefusatu egin du Brasilek eta Kolonbiak hauteskundeak errepikatzeko egindako proposamena
Venezuelako presidenteak herrialdearen "subiranotasuna" aldarrikatu du, eta oposizioko liderrak uste du hauteskundeak errepikatzea errespetu falta litzatekeela venezuelarrentzat, "baldintza oso txarretan hitz egin zutelako, iruzurra egon zelako eta, hala ere, irabaztea lortu genuelako".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak, Brasilgo eta Kolonbiako buruzagiek egindako proposamenari erantzunez, Hegoamerikako herrialdearen "subiranotasuna" defendatu du, baita uztailaren 28ko hauteskundeen ostean sortutako edozein eztabaida konpontzeko erakundeek duten gaitasuna ere.
"Venezuelan dauden edozein ezaugarritako gatazkak venezuelarren, erakundeen, legearen eta Konstituzioaren artean konpontzen dira", esan du Madurok.
Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruak ere errefusatu egin du Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak eta Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak Venezuelako hauteskundeak errepikatzeko edo koalizio gobernua osatzeko egindako proposamena. Nicolas Maduro hauteskundeetako irabazle izendatu ostean oposizioak iruzurra salatu eta gero etorri da proposamena.
"Bigarren aukera bat egingo da, eta emaitzak gustuko ez badira, zer egingo dugu, hirugarren bat? Eta laugarren bat? Eta bosgarren bat Madurori emaitzak gustatu arte? Onartuko al zenukete hori zuen herrialdeetan? Emaitza ona ez bada, errepikatu egiten dira?", esan du elkarrizketa batean. Elkarrizketa horren laburpena X. sare sozialeko profilaren bidez partekatu du.
"Hauteskundeak izan ziren eta Venezuelako gizartea oso baldintza txarretan mintzatu zen, iruzurra egon zen eta, hala ere, irabaztea lortu genuen", adierazi du Machadok.
Brasilgo Gobernuak, Kolonbiakoak eta Mexikokoak krisiari irtenbidea bilatzeko lanean ari dira, besteak beste Ameriketako Estatu Batuen babesa duen bitartekaritzarekin.