Mundua -

Nazioarteko osasun-larrialdia

Mpox edo tximino-baztangaren aldaera larrienaren lehen kasua atzeman dute Afrikatik kanpo, Suedian

'Clade 1' aldaera latzagoa eta kutsagarriagoa da, eta horren agerraldiagatik ezarri du Munduko Osasun Erakundeak nazioarteko osasun-larrialdia. Nazioartearen erantzun bateratua eskatu du, baina alarmismorik ez.

Suediako osasun agintariak, prentsaurrekoan. EFE
Suediako osasun agintariak, prentsaurrekoan.
Suediako osasun agintariak, prentsaurrekoan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suediako agintariek baieztatu dutenez, mpox edo tximino-baztangaren aldaera larrienaren lehen kasua atzeman dute. Europan baieztatutako aurrenekoa da, Afrikako kontinentetik kanpoko lehena. Hain justu, aldaera horren kutsatze mailarekin arduratuta, nazioarteko osasun-larrialdia ezarri du berriki Munduko Osasun Erakundeak (MOE). 

"Clado 1 izeneko aldaeraren kasu bat dugu Suedian. Zinez arduratzen gaitu", adierazi du Jakob Forssmed Suediako Osasun eta Gizarte Gaietako ministroak prentsaurrekoan. 

Agian zure interesekoa da: Zer da tximino-baztanga?

Olivia Wigzell Suediako Osasun eta Ongizatearen Batzorde Nazionaleko zuzendari nagusiaren hitzetan, Afrikatik kanpo atzematen den lehen kasu positiboa da. Gaixoa Afrikan egon berri da, aldaera hori zabalduta dagoen eremu batean, eta han kutsatu omen da. 

"Eria hemen artatzeak ez du esan nahi herritarrentzako arriskutsua denik", zehaztu du, eta gogora ekarri du Infekzioei aurre egiteko Europako Agentziak esana duela gaixotasun hori zabaltzeko aukera "txikiak" direla.

MOEren arabera, aldaera berria Europara iristeak argi erakusten du gaixotasun horren hedapena geldiarazteko nazioartearen erantzun bateratua beharko dela.

Tedros Adhanom Ghebreyesus zuzendari nagusiak adierazi duenez, "Suedian mpox gaitzaren Clade 1 aldaera agertzeak erakusten du birusari elkarrekin heldu behar diogula". Herrialde guztiak bultzatu ditu zaintza hobetzera, datuak partekatzera, transmisioa hobeto ulertzeko lan egitera eta dituzten txertoak partekatzera.

Era berean, Margaret Harris bozeramaileak ohartarazi du ez dela izua zabaldu behar, erupziorik ez duen pertsona kutsatu bati eskua ematearekin soilik kutsatutako kasuak direla zabaldu baita.

"Horrelako adibide alarmistak ditugu, baina hori oso gertuko kontaktu baten bidez kutsatzen da, etxeetan ikusten dugu, ametatik umeetara, sexu-harremanak izanda edo kutsatutako norbaiten izara edo arropa bidez", azaldu du. Hori gertatzen da "babak agerikoak direnean eta horietan likidoa dagoenean", zehaztu du.

Kongoko Errepublika Demokratikoan tximino-baztangaren agerraldia izan eta hurbileko beste herrialde batzuetara zabaldu ondoren ezarri da osasun-larrialdia. Bigarren aldaeraren larritasunaz gain, "oso kezkagarria" da, MOEren ustez, gaitza inoiz kasurik izan ez den herrialdeetara zabaldu izana, Ugandara, Ruandara, Burundira eta Kenyara, esaterako.

Hiru kasu Pakistanen

Pakistango osasun-agintariek hiru kasuren berri eman dute. Nazioarteko osasun-larrialdia deklaratu zenetik Asian ezagutzen diren lehenengoak dira. Arabiar Emirerri Batuetatik etorri ziren hirurak, eta berrogeialdian daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Europa Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Suedia Munduko Osasun Erakundea