Mundua -

Hegazkin-istripua

62 pertsona hil dira hegazkin batek lurra jota Sao Paulotik gertu, Brasilen

58 bidaiari eta 4 tripulatzaile zihoazen ATR-72 helizedun aireontzian. Hegazkina Cascavel eta Sao Pauloren arteko ibilbidea egiten ari zen, eta Vinhedo inguruan erori da.

Irudia: sare sozialak
Irudia: sare sozialak
Lekuko batek Brasilen 62 bidaiari zeramatzan hegazkin bat nola erori den grabatu du

0:43

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

62 pertsona zeramatzan hegazkin batek istripua izan du Brasilgo Sao Paulo estatuan, agintariek eta hegazkin-konpainiak berak emandako lehen datuen arabera.

Bertan 13:25 zirenean jazo da, Sao Pauloko suhiltzaileen arabera, eta hegazkina Vinhedo inguruan erori da.

VoePass Linhas Aereas airelineak ohar baten bidez azaldu duenez, 58 bidaiari eta tripulazioko 4 kide zihoazen ATR-72 helizedun aireontzian.

Brasilgo Valinhos hiriko Alkatetzak jakinarazi du hegazkinean zihoazen 62 pertsonen artean ez dela inor bizirik atera.

Iturri horien arabera, suhiltzaileek bertan behera utzi dituzte erreskate lanak, ez baitute inor bizirik aurkitu.

Hegazkina Vinhedo hiriko urbanizazio batean erori bada ere, beste udalerri batzuetako suhiltzaileek ere hartu dute parte erreskate lanetan.

Vinhedoko agintarien esanetan, hegazkina hiri horretako urbanizazio bateko atzeko patioetan erori da, baina ez da biktimarik izan lehorrean zeudenen artean.

Hegazkina Cascavel eta Sao Pauloren arteko ibilbidea egiten ari zen. Sare sozialetan argitaratutako bideoetan ikus daitekeenez, hegazkina bueltaka erori da, burrunba handi baten erdian eta etxe batzuetatik oso gertu.

Flightradar webgune espezializatuak zabaldutakoaren arabera, hegazkinak beste bi hegaldi egin ditu ostiral goizean.

Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak bere atsekabea agertu du, eta minutu bateko isilunea eskatu du biktimen alde. Santa Catarina estatuko Itajai udalerriko ekitaldi batean hitzaldi bat ematen ari zela izan du istripuaren berri, eta etenaldia egin du bere atsekabea agertzeko.

"Albiste oso txar baten berri eman behar dut, eta guztiei eskatu nahi dizuet zutik jartzeko minutu bateko isilunea egiteko, hegazkin bat erori baita Vinhedo hirian, Sao Paulon, 58 bidaiarirekin eta 4 tripulatzailerekin, eta badirudi denak hil direla", esan die Lulak bertan bildutakoei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hegazkin istripuak Eguneko albisteak Albisteak Brasil