Mundua -

Hasinaren dimisioa eta ihesa

Muhammad Yunusek karguaren zina egin du trantsizioko buruzagi gisa Bangladeshko protestetako liderrekin batera

84 urteko Nobel sariduna behin-behineko gobernu baten buru izango da, 16 aholkularirekin. Asiako herrialdea krisi ekonomiko eta sozial larri batean murgilduta dago. Uztailaren 1ean hasitako protestetan 400 pertsona baino gehiago hil dira.

Muhammad Yunus Nobel sariduna, protestetako buruzagiekin. Argazkia: EFE
Muhammad Yunus Nobel sariduna, protestetako buruzagiekin. Argazkia: EFE
Muhammad Yunus Nobel sariduna, protestetako buruzagiekin. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Muhammad Yunus Nobel saridunak Bangladeshko behin-behineko gobernuburu kargua hartu du gaur, Dhakan, astelehenean Sheikh Hasina lehen ministroak dimisioa eman eta ihes egin eta lau egunera.

84 urteko ekonomialaria behin-behineko gobernu baten buru izango da, 16 aholkularirekin, Asiako herrialdea gobernatuko duena, krisi ekonomiko eta sozial larri batean murgilduta. Uztailaren 1ean hasitako protestetan 400 pertsona baino gehiago hil dira.

Oraingoz, behin-behineko kabinetean Yunusekin batera egongo diren 13 besterik ez dira karguaz jabetu, besteak beste, Nahid Islam eta Asif Mahmud ikasleen liderrak, Diskriminazioaren aurkako Ikasleen Mugimenduko buruzagi nagusietako bi.

Bestalde, Bidhan Ranjan Roy Osasun Mentaleko Institutu Nazionaleko zuzendaria, Farooq-e-Azam Bangladeshko askapen gerrako beteranoa eta Gobernuko beste kide bat ezin izan dira karguaz jabetu, herrialdetik kanpo daudelako.

Karguaren zina. Argazkia: EFE

Salahuddin Ahmed Bangladeshko Bankuko gobernadore ohia, Asif Nazrul Dhakako Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea, Nurjahan Begum Yunusen kolaboratzailea Grameen mikrokredituen bankuan, Adilur Rahman Khan giza eskubideen ekintzailea eta Touhid Hossain Atzerri idazkari ohia dira behin-behineko gobernua osatzen dutenenetako batzuk.

Era berean, Syeda Rizwana Hasan ingurumen gaietan aditua den abokatua, Khalid Hasan buruzagi islamista, Sharmeen Murshid Brotee irabazi asmorik gabeko erakundeko zuzendaria, eta Farida Akhter saiogilea izango dira.

Yunusek azaldu du bitarteko gobernua "Sheikh Hasinaren aroaren" eta hautetsontzietatik sor daitekeen exekutibo berri baten arteko urratsa izango dela.

Bangladeshen oraindik ez dituzte deitu hauteskunde orokorrak, baina Mohammed Shahabuddin presidenteak asteartean iragarri zuen urtarrilean hautatutako Parlamentuaren desegitea.

Bitartean, Hasina lehen ministro ohia astelehenetik dago New Delhin (India), bere etorkizuna argitzeko zain, herrialdeko politikaren lehen lerrotik urrun, ziurrenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Asia