Mundua -
BANGLADESH
Bangladeshko ikasleen mugimenduak Mohamed Yunus Bakearen Nobel sariduna proposatu du, Gobernua gidatzeko
Protesten deitzaileek azaldu dute bitarteko Gobernuaren osaketa prestatzen ari direla, eta hori izango dela ontzat emango duten bakarra.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Sheik Hasina Bangladeshko lehen ministroak atzo dimisioa eman ondoren, bitarteko Gobernua eratzeko ahaleginean ari dira herrialde hartan. Enplegu publikorako kuota sistemaren kontra ikasle mugimenduek hasitako protestek eraman zuten Hasina kargua uztera. 400 pertsona baino gehiago hil dira, uztailaren hasieran mobilizazioak hasi zirenetik.
Atzo arratsaldean egindako agerraldian, Waker-Uz-Zaman Bangladeshko Armadako buruak azaldu zuen bitarteko Gobernua osatzeko eta Hasimaren ordezkoa aukeratzeko lanean ari direla. Nolanahi ere, ez zuen ez izenik ez beste informazio zehatzik aurreratu.
Protestak deitu dituzten ikasleen ordezkariak ere agertu ziren hedabideen aurrean, eta horiek bai, gobernuburu izateko euren proposamena zein den azaldu zuten: Muhammad Yunus Bakearen Nobel sariduna —2006an eman zioten saria—. 83 urteko ekintzailea, oso ezaguna da herrialde osoan, bereziki, txirotasunari aurre egiteko abian jarritako Grameen Bankua bezalako ekimenari esker.
Ikasleek azaldu zuten bitarteko Gobernuaren osaketa prestatzen ari direla, eta hori izango dela ontzat emango duten bakarra. Armadak zein presidenteak proposatutako exekutiboa ez dutela inolaz ere onartuko aurreratu zuten. "Ikasle iraultzaileek ez dute onartuko Gobernu hori. Diktadura bertan behera utzi nahi dugu, sistema faxista indargabetu. Izen aldaketa huts batek ez du ezertarako balio", azaldu zuten.
Gaur goizean Armadak bertan behera utzi du ezarrita zegoen etxeratze agindua, baina protestek ez dute etenik Bangladeshen.