Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Ekialde Hurbila, Kataluniako bilera sorta eta burtsen egoera
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abuztuaren 6an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Ekialde Hurbila: Tentsio maila gorenean dago eskualdean, Iranek eta bere aliatuek Israeli eraso egingo dietelakoan. Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagi politikoa hiltzeagatik mendekua agindu du Teheranek, eta atzo bertan, Irango Guardia Iraultzaileak Israeli ohartarazi zion egiten ari den terrorismo ekintzekin bere hilobia zulatzen ari dela.
- Kataluniako bilera sorta: Salvador Illa sozialistak gertuago du Kataluniako Presidentzia. Gaur ekingo dio Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak alderdiekin egin beharreko bilera sorta, ERCko militantziak eta gazteek hautagai sozialistaren aldeko botoa eman ostean.
- Burtsen egoera: AEB atzeraldian sartuko ote den beldur, atzoko "astelehen beltza"ri buelta eman nahian dabiltza munduko osoko merkatuak. Biharamunean, Asiako burtsetan—goizean goiz zabalik dauden bakarrak— kolore berdea izan da nagusi, eta Japoniako Nikkei indizeak % 10,23 igo da, 2008tik izandako gorakada handienean. Atzo, baina, zartakoa jaso zuen, % 12,40 behera eginda. AEBn ere, Wall Streetek azken bi urteetako zartako handienarekin itxi zuen, eta Europako merkatuek % 2 inguru galdu zuten.