Mundua -
Ekialde Hurbilean, okerrera
Libano uzteko eskatu diete hainbat herrialdek herritarrei, Iranek Israeli eraso egiteko arriskua dela eta
Espainiak, Frantziak, Erresuma Batuak, Kanadak, Australiak, Suediak eta Jordaniak, besteak beste, berehalako eraso-arriskua ikusten dute. Zenbait airelineak bertan behera utzi edo atzeratu dituzte Libano abiapuntu edo jomuga dituzten hegaldiak, Ekialde Hurbilean tentsioak gora egin duelako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiak, Frantziak, Erresuma Batuak, Kanadak, Australiak, Suediak eta Jordaniak, besteak beste, Libano "ahalik eta azkarren" uzteko eskatu diete herritarrei, Ekialde Hurbilean gatazkak okerrera egiteko arriskuaren aurrean, Iranek eta Hezbollah Libanoko talde xiitak Israelen aurka egin dezaketen erasoen zain.
Espainiak Beiruten duen enbaxadak Libanora "egungo egoeran" ez bidaiatzeko gomendatu du igande honetan X sare sozialaren bidez, eta hegaldiak bertan behera geratu direla ikusita, herrialdean dauden espainiarrei, bereziki aldi baterako egonaldia bada, "dauden merkataritza-hegaldiak erabiliz" uzteko aholkatu die.
Frantziako Atzerri Ministerioak "Libanotik ahalik eta azkarren alde egiteko" eskatu die herritarrei, egoera "oso aldakorra" delako.
Ildo beretik, Erresuma Batuko Gobernuak Libanon oraindik dauden herritarrei bertatik alde egiteko eskatu die, horretarako merkataritza-bideak irekita dauden bitartean, segurtasun egoera "azkar hondatu" daitekeelako.
Azken egunotan, airelinea batzuek bertan behera utzi edo atzeratu dituzte Libano abiapuntu edo jomuga dituzten hegaldiak, Israelek Beiruten bonbardaketa egin ostean tentsioa areagotu egin delako. Erasoan Fuad Shukr Hezbollahko komandante militar gorena hil zuen Israelek, eta Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagi politikoa Teheranen hil izana egotzi diote.
Mendebaldeko beste herrialde batzuek ere, Kanadak, Australiak eta Suediak besteak beste, Libano uzteko eskatu zieten herritarrei. Herrialde horrek hegaldi komertzialetarako aireportu bakarra du, hiriburukoa, eta Israelen eta Siriaren mugan dago.
Jordania izan da bere herritarrei "Libanotik ahalik eta azkarren alde egiteko" eskatu dien herrialde arabiar bakarra, eta, aldi berean, ohartarazi du eskalada batek bere herrialdeari eragingo liokeela hein handi batean, Israel eta Iran artean baitago.