Mundua -

Krisia Venezuelan

EBko zazpi herrialdek, Espainiak barne, aktak argitaratzeko eskatu diete Venezuelako agintariei

Era berean, atxiloketak gaitzetsi dituzte eta protesta eta bilera baketsua egiteko eskubidea defendatu dute. Bestalde, Nicolas Maduroren esanetan, 2.000 pertsona atxilotu dituzte presidentea aukeratzeko hauteskundeetako emaitzen aurkako protesten ondorioz.

Emakume bat, Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren emaitza gaitzesteko manifestazio batean. EFE.
Emakume bat, Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren emaitza gaitzesteko manifestazio batean
Emakume bat, Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren emaitza gaitzesteko manifestazio batean. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako, Alemaniako, Frantziako, Italiako, Herbehereetako, Poloniako eta Portugalgo gobernuetako arduradun nagusiek adierazpen bateratu batean eskatu dute igandean Venezuelan egindako hauteskundeetako aktak argitaratzeko, eta "gogor" gaitzetsi dituzte atxiloketak.

"Igandean presidentea aukeratzeko hauteskundeen ostean Venezuelan bizi dugun egoeraz oso kezkatuta gaudela adierazi nahi dugu", dio oharrak. "Venezuelako agintariei aktak azkar argitaratzeko eskatzen diegu, hauteskunde-prozesuaren erabateko gardentasuna eta osotasuna bermatzeko", gaineratu dute bertan.

Zazpi herrialde horietako buruek nabarmendu dutenez, oposizioak hauteskunde-mahaietako "akten % 80 baino gehiago" jaso eta argitaratu ditu. "Egiaztapen hori funtsezkoa da Venezuelako herriaren borondatea aitortzeko", erantsi dute.

Hain zuzen ere, astelehenean amaituko da Venezuelako Justizia Auzitegi Goreneko Hauteskunde Salak Hauteskunde Kontseilu Nazionalari uztailaren 28ko hauteskundeetako aktak entregatzeko ezarritako epea. Horretarako, bulego bat jarri du, eta eguneko 24 orduetan du zabalik.

2.000 pertsona atxilotu dituzte hauteskundeetako emaitzen aurkako protestetan

"2.000 preso ditugu, Tocoron eta Tocuyito espetxeetara joango dira. Zigorrik handiena jasoko dute, justizia. Oraingoan ez da barkamenik izango, oraingoan ez da barkamenik izango, oraingoan Tocoron izango da", esan du Madurok larunbat honetan Caracasen, bere jarraitzaileen aurrean. Madurok gaineratu du atxilotuek egindakoa "oso larria" dela eta "justizia" egingo dela.

Bitartean, milaka lagunek, Nicolas Maduroren chavismoaren aurkakoek, protesta egin dute larunbat honetan Venezuelan.

Ildo horretan, aipatutako zazpi herrialdeetako agintarien adierazpen bateratuaren arabera, "venezuelar guztien eskubideak errespetatu behar dira prozesu honetan, bereziki buruzagi politikoenak".

"Irmo gaitzesten ditugu horien aurkako atxiloketa edo mehatxu guztiak", esan dute, eta protesta eta bilera baketsuak egiteko eskubidea aldarrikatu dute. "Egoera estu-estu jarraituko dugu gure kideekin batera, eta Venezuelako herriaren demokraziaren eta bakearen aldeko deia babesten dugu", azaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro