Mundua -
KRISIA VENEZUELAN
NBEk Venezuelan "hauteskunde gatazkak modu baketsuan konpontzeko" deia egin du
Guterresek "gardentasun deia egin du berriro, eta gogorarazi du herritar orok gai publikoetan parte hartzeko eskubidea duela eta inor ez litzatekeela atxilotua izan behar horrengatik".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak dei egin die "(Venezuelako) alde guztiei edozein hauteskunde-gatazka modu baketsuan konpontzera", eta herritarren atxiloketa "arbitrarioak" kritikatu ditu.
Guterresek "gardentasun deia egin du berriro, eta gogorarazi du herritar orok duela gai publikoetan parte hartzeko eskubidea, eta inor ez litzatekeela atxilotua izan behar arbitrarioki", esan du Guterresen bozeramaile Farhan Haqek.
Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak ostiral honetan berretsi duenez, Nicolas Maduro estatuburuak irabazi ditu hauteskundeak botoen % 51,95 eskuratuta.
Bitartean, oposizioko bloke nagusiak webgune batean argitaratu ditu bere aktak, ustez, bere hautagaiaren garaipen argia islatuko luketen aktak. Hautagai horrek Maria Corina Machadoren babesa du.
Machadok Maduroren "errepresio basatia" salatu zuen atzo Wall Street Journal egunkarian argitaratutako gutun batean, eta 20 hildako, 1.000 atxilotu eta hamaika desagertze salatu zituen.
Elvis Amoroso Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko (CNE) presidenteak Nicolas Maduro presidentearen garaipena berretsi du bigarren aldiz, botoen % 96,87 zenbatuta.
Horren arabera, Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko (PSUV) hautagaiak, Madurok, botoen % 51,95 lortu ditu, eta Plataforma Unitario Demokratikoko (PUD) hautagaiak, Edmundo Urrutiak, berriz, botoen % 43,18.