Mundua -

Ukrainako gerra

Ukrainarren % 57k uste dute Errusiarekin negoziatzen hasi behar dutela, inkesta baten arabera

Aitzitik, Kieveko Nazioarteko Soziologia Institutuak galdetutakoen % 38 negoziazioa abiatzearen aurka agertu ziren. Gainera, % 66k adierazi zuten Ukrainak bere lurralde guztiak berreskuratu behar dituela, eta % 70ek baino gehiagok errefusatzen dute NATOn eta EBn sartzeari uko egitea.

Ukrainako soldaduak Donetsk eskualdeko frontean, iragan abenduan. Artxiboko argazkia: EFE
Ukrainako soldaduak Donetsk eskualdeko frontean, iragan abenduan. Artxiboko argazkia: EFE
Ukrainako soldaduak Donetsk eskualdeko frontean, iragan abenduan. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainarren % 57k uste dute Errusiarekin negoziatzen hasi behar dutela gerrari amaiera emateko, Kieveko Nazioarteko Soziologia Institutuak maiatzean egin eta Ameriketako Estatu Batuek eta Suediak diruz lagundutako inkesta baten emaitzen arabera.

Herritarren % 38, ordea, etsaiarekin hitz egitearen aurka agertu dira. Gerra hasi zenetik argitaratu den lehen inkesta da, eta ukrainar gehienak gatazka amaitzeko negoziazioak abiatzearen alde daude.

Aldi berean, inkestatuen % 66k azaldu dute Ukrainak bere lurralde guztiak berreskuratu behar dituela, Krimea, Donetsk eta Luhansk barne.

Gainera, % 74k eta % 76k, hurrenez hurren, arbuiatzen dute Ukrainak NATOn eta Europar Batasunean (EB) sartzeko asmoari uko egitea, Errusiarekin adostutako balizko bake akordio baten baitan.

Inkesta telefonoz egin zen maiatzaren 8tik 25era bitartean, Kieveko Gobernuaren kontrolpean dauden Ukrainako lurraldeetan bizi diren 2.500 biztanle heldu baino gehiagori galdetuta.

Negoziazioak toki handiagoa du diskurtso ofizialean

Azkenaldian, Errusiarekin negoziatzeko aukerak lekua irabazi du Kieveko diskurtso ofizialean eta Ukrainako iritzi publikoan. Volodimir Zelenski presidenteak eta Dmitro Kuleba Atzerri ministroak harreman zuzenak eta publikoak izan dituzte azken asteotan gerra lehenbailehen amaitzeko negoziatzearen alde dauden hainbat buruzagirekin, hala nola Viktor Orban Hungariako lehen ministroarekin, Donald Trump AEBko presidentetzarako hautagaiarekin eta Wang Yi Txinako Atzerri ministroarekin.

Asteazkenean Frantziako lau hedabidek (Liberation, Le Monde eta L 'Equipe egunkariek eta AFP albiste-agentziak) argitaratutako elkarrizketa batean, Ukrainako presidenteak esan zuen bere herrialdearen lurralde osotasunaren auzia ez dela nahitaez "armen bidez bakarrik" konpondu behar, eta "bide diplomatikotik" ere aurkitu daitezkeela irtenbideak, "Errusiak hala nahi badu".

Gainera, Zelenskik iragarri du urtea amaitu baino lehen bake plan zehatz bat aurkeztuko diola Errusiari, nazioartearen babesa jaso ondoren.

Errusiaren aurrerapauso txiki, baina etengabeak frontean

Bitartean, Ukrainako DeepState Telegram kanalaren arabera, Errusiak aste honetan Ukrainako Vesele herrixka okupatu du; izan ere, Kremlineko indarrak pixkanaka-pixkanaka Donetsk eskualdeko herri txiki asko bereganatzen ari dira. Kieveko adituak eta aliatuak kezkatuta daude, Errusiaren aurrerapausoak geldoak eta txikiak baina etengabeak direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski