Mundua -
hauteskundeak venezuela
1.200 pertsonatik gora atxilotu dituzte Venezuelan, Maduroren aurkako protestetan
Madurok bere agintaldia berretsi zuen igandeko hauteskundeen ostean, eta "iruzur" hotsen artean, Venezuelako kaleak manifestariz betetzen hasi ziren astelehen honetan, eta protestek aurrera jarraitu dute aste osoan zehar herrialdeko puntu ezberdinetan.
EITB MEDIA
Tentsioak gora egin du Venezuelan joan den igandeko hauteskundeen ostean, eta dagoeneko 1.200 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte astelehenetik aitzinera izan diren protestetan. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak hirugarren agintaldia lortu du asteburuan, baina askoren iritziz zenbaketa prozesuan iruzurra egon da, eta, ondorioz, giroa asko gaiztotu da herrialde osoan zehar.
Manifestariak, alde batetik, eta polizia, bestetik. Sare sozialetan zabaldutako bideo batean Maduro ageri da Guardia Nazional Bolivartarreko funtzionarioei errepresioa gogor dezatela esanez, eta erregimenak "Texasen, Kolonbian, Perun eta Txilen entrenatutako 1.200 kriminal" harrapatu dituela adieraziz.
Igandeko hauteskundeetan Nicolas Madurok bere agintaldia berretsi eta gero, eta oposizioak emaitzetan iruzurra izan dela salatu ondotik, astelehenean Venezuelako kaleak manifestariz josi ziren. Hasiera batean protesta lasaiak izan ziren, baina egunak aurrera egin ahala, eta Hauteskunde Kontseilu Nazionalak Maduro ofizialki presidente izendatu ondoren, agindu moduan hauteskunde-aktak argitaratu gabe, tentsio giroa areagotu egin zen.
Azken datuen arabera 1.200 lagunetik gora dira atxilotuak eta gutxienez 11 pertsona hil dira.
Venezuelako presidentearen aburuz, oposizioak ez ditu emaitzak onartzea eta "indarkeria kriminala" bultzatzea leporatu dio. Gainera, Madurok babes helegitea aurkeztu du asteazken honetan Justizia Auzitegi Goreneko Hauteskunde Salan, igandeko hauteskundeen inguruan "argitu beharreko guztia" argitzeko eskatuz.
Bien bitartean, oposizioak ziurtatzat jotzen du akten % 80tik gorako informazioa duela, eta eskuartean dituen datu horiek Gonzalez Urrutiari eman diotela garaipena, tarte zabal batekin.
Nazioarteko presioa areagotzen ari da
Nazioarteko tentsioak bere horretan jarraitzen du Madurorekiko, eta hauteskunde-mahaien aktak argitara ditzan eskatzen die presidenteari. Atzo bertan,Cartes Zentroak ere, Venezuelako hauteskundeetan behatzaile lana egin zuen taldeak, adierazi zuen prozesuak ez zuela "bat egin" nazioarteko estandarrekin, hauteskundeen oinarriei dagokienez, eta, hortaz, "ezin direla hauteskundeak demokratikotzat jo".
Eta mundu osoko gobernu askok gardentasuna eskatzen diote Venezuelako agintariari. Azkena hori egiten Lula Da Silva izan da, Brasilgo presidentea. Kolonbiako eta Txileko Gobernuek ere aktak argitaratzeko eskatu diote Madurori.
Eta kaleetan ere tentsioa nabari da. Caracasen, adibidez, denda eta lokal asko itxi dituzte eta arazoak daude garraio publikoan, erregimenaren aurkako protesta jendetsuen ondotik.