Mundua -
AEB
Trumpek zalantzan jarri du Harris beltza dela, eta bere arraza-identitatea botoak irabazteko aldatu zuela dio
Berehala erantzun dio hautagai demokratak. "Zatiketa" eragin nahi izatea eta "errespetu falta" egotzi dizkio buruzagi errepublikanoari.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Enegarren polemika piztu du Donald Trump AEBko presidente ohiak eta datozen bozetarako hautagai errepublikanoak. Oraingoan, bere aurkari Kamala Harris hautagai demokrataren arraza-identitatea izan du hizpide, zalantzan jarriz beltza dela. Are gehiago, arraza-identitatea afroamerikarren botoak irabazteko aldatu zuela esan du. "Bat-batean, beltz bihurtu zen", esan du.
Chicagon egin ditu adierazpenok Trumpek, Kazetari Afroamerikarren Elkarte Nazionalaren batzarrean egin dioten elkarrizketan. Kazetarien galderei behin eta berriz iskin eginez, tonu oldarkorrean mintzatu da buruzagi errepublikanoa une oro, eta tentsio handiko solasaldia izan da, bereziki, Harrisi buruz aritu denean: "Duela urte batzuk, Harrisek bere indiar jatorria sustatzen zuen bakarrik".
Aita jamaikarra eta ama indiarra ditu Harrisek, eta bere jatorria behin eta berriz aldarrikatu izan du agerraldi publikoetan. "Ez nekien beltza zenik, duela urte batzuk beltz bihurtu zen arte. Zer da, bata ala bestea? Nik biak errespetatzen ditut, baina argi dago berak ez dituela errespetatzen", adierazi du Trumpek.
"Zatiketa eta errespetu falta"
Berehala erantzun dio hautagai demokratak. "Zatiketa" eragin nahi izatea eta "errespetu falta" egotzi dizkio buruzagi errepublikanoari.
Texasen hitz egin du Harrisek, beltzen eskubideen aldeko elkarte batek antolatutako ekitaldi batean. Bere hitzetan, "herri honek zerbait hobea merezi du". "Antolatzen garenean, mendiak mugitzen ditugu. Antolatzen garenean, nazioak aldatzen dira. Eta boza ematen dugunean, historia egiten dugu", adierazi du.