Mundua -
Ukrainako gerra
Zelenskik uste du posible dela konponbidea aurkitzea "bide diplomatikotik, Errusiak hala nahi badu"
Ukrainako presidenteak, azkenaldian egin duen bezala, bide diplomatikoan sakontzearen alde egin du, eta azaroan bakeari buruz egingo den bigarren goi-bileran "Errusiako ordezkariek parte hartu behar dutela" erantsi du.
Agentziak | EITB Media
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen ustez, bere herrialdearen lurralde-osotasunaren auzia ez da nahitaez "armen bidez bakarrik" konpondu behar, baizik eta irtenbideak ere aurki daitezke "bide diplomatikotik, Errusiak hala nahi badu".
Frantziako lau hedabidek (Liberation, Le Monde eta L 'Equipe egunkariak eta AFP albiste-agentzia) gaur argitaratutako elkarrizketa batean, agintariak azpimarratu du Ukrainak ez diela inoiz uko egingo bere lurraldeei, eta bere Gobernuak ez duela horretarako eskumenik, Konstituzioaren aurka doalako.
"Hori gerta dadin, Ukrainako herriak nahi izan behar du", onartu du. Gainera, lurrak lagatzea garaipena litzateke Vladimir Putinentzat, bere iritziz, eta gatazka izozten bada ere, etorkizunean Errusiako presidenteak berriro eraso egin dezakeela ohatarazi du.
Hala eta guztiz ere, Zelenskik bide diplomatikoan sakontzearen alde egin du, eta azaroan bakeari buruz egingo den bigarren goi-bileran "Errusiako ordezkariek parte hartu behar dutela" esan du.
Errusiak Donbassen emandako azken aurrerapausoengatik galdetuta, Zelenskik, lehenik eta behin, Ukrainako Armadaren baliabide faltari egotzi dio, eta, bigarrenik, errusiarrak "atzera egiteko beldur" direla, badakitelako hori eginez gero "hil" egingo dituztela nabarmendu du.
Mendebaldeko aliatuek bidalitako armak "beharrezkotzat jotzen dugun moduan" ezin erabiltzeari ere leporatu dio.
Ukrainako presidenteak onartu du egoera "zaila" dela ekialdeko fronte osoan; izan ere, Errusiak Kharkiv hartzeko saiakeran porrot egin zuenetik, bere helburu nagusia aldatu egin da, bere ahaleginak ekialdean pilatzeko, bereziki Sloviansk, Pokrovsk, Kostiantynivka eta Toretsk hirietan.
Nazioarteko babesei dagokienez, Zelenskik onartu du Ameriketako Estatu Batuak, presidentetzarako hauteskundeak jomugan, erronka bat direla. Bere Gobernuak Donald Trumpekin hitz egin duela eta agintaria errepublikanoa "iraganean arduratsu" mintzatu zela azpimarratu du, baina ez dakite zer gertatuko den AEBko hauteskunde presidentzialen ostean.
Txinari dagokionez, Asiako erraldoiak bitartekaritza lana ez egitea nahiko lukeela adierazi du, Errusiari "presioa" egitea baizik.