Mundua -

VENEZUELA

Madurok irabazi ditu hauteskundeak, botoen % 51,20 eskuratuta, Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren arabera

Oposizioaren buruak, Edumundo Gonzalez Urrutiak, botoen % 44,2 lortu du, eta "arau guztiak urratu" dituztela salatu du. Madurok "herriaren borondatea errespetatzeko" eskatu du, emaitza jakin ostean egin duen lehen agerraldian. Urtarrilaren 10ean hasiko da agintaldi berria, hirugarrena.

Maduro, atzoko agerraldi batean. Argazkia: EFE
Maduro, atzoko agerraldi batean
Venezuelarako ''bakea, egonkortasuna eta justizia'' agindu ditu Madurok, presidente berrautatu ostean

0:20

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak hirugarren agintaldia lortu du igandean, botoen % 51,2 eskuratuta (5.150.092 boto), Hauteskunde Kontseilu Nazionalak aurkeztutako lehen txostenaren arabera, % 80 zenbatuta dagoenean.

Lehen txosten horretan jasota dagoenez, Edumundo Gonzalez Urrutia oposizioaren buruak 4.445.978 boto lortu ditu, hau da, % 44,2.

Txostenaren ezagutu ostean egin duen lehen agerraldian, Madurok "herriaren borondatea errespetatzeko" eskatu du. "Horixe da presidente gisa eskatzen dudana, Konstituzioa, Venezuelako botere publikoak eta bizitza burujabea errespetatzea, baita herriaren borondatea ere (...) gure legea eta gure nahia defendatuko dut".

Gainera, garaipenaren ostean hitzeman duenez, "bizitza guzita emango dut aberriak behar dituen aldaketa guztiak egiteko", eta hirugarren agintaldian lan egingo duela "gerra ekonomikoak urratutako eskubide guztiak berreskuratzeko".

Gonzalez Urrutiak salatu du ''arau guztiak urratu'' dituztela
Gonzalez Urrutiak salatu du ''arau guztiak urratu'' dituztela
Gonzalez Urrutiak salatu du ''arau guztiak urratu'' dituztela

0:30

Edmundo Gonzalez Urrutia Venezuelako oposizioaren koalizio buruak salatu du "arau guztiak urratu" dituztela, Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren txostena ezagutu eta gero.

"Venezuelarrok eta mundu osoak badakite zer gertatu den gaurko hauteskundeetan, hemen arau guztiak urratu dira, izan ere, oraindik ez dituzte entregatu akta gehienak", esan du enbaxadoreak, Maria Corina Machado chavisten aurkako buruarekin batera egindako agerraldian.

Espainiak aktak eskatu ditu

Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetarako, Europar Batasuna eta Kooperazio ministroak "gardentasun osoa" eta "mahaiz mahai" jasotako aktak argitaratzeko eskatu du.

"Prozesua erabat gardena izatea nahi dugu, eta eskatzen duguna, eta espero duguna baita ere, da mahaiz mahai jasotako aktak argitaratzea, emaitzak egiaztatu ahal izateko", esan du Espainiako diplomaziaren buruak Cadena Ser irratian egindako elkarrizketa batean. Horren ildotik, zehaztu du baldintza horiek ematen direnean hitz egingo duela Espainiako Gobernuak emaitzei buruz.

Mendebaldeak gardentasuna eskatu du eta Txinak, Errusiak eta Iranek Maduro zoriondu dute

Nicolas Maduroren erregimenetik gertu dauden Txinako, Errusiako eta Irango gobernuek Venezuelako buruzagia zoriondu dute hauteskundeak irabazi dituelako.  Honduras, Bolibia, Kuba edota Ecuadorreko presidenteek ere Maduro zoriondu eta euren poza adierazi dute venezolarrek duintasunez eman dutelako botoa.

Aldiz, Europako eta Mendebaldeko beste herrialde batzuetako buruzagiek zenbaketan gardentasuna eskatu dute. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria "oso kezkatuta" agertu da emaitzen baliozkotasunarekin, eta Ameriketako beste hainbat gobernuk ere adierazi dute zalantza: Panama, Peru, Guatemala, Argentina, Uruguai eta Errepublika Dominikarrak, esaterako.

Europar Batasunetik, Josep Borrellek adierazi duenez, "ezinbestekoa da hauteskunde-prozesuaren gardentasun osoa ziurtatzea, botoen zenbaketa zehatza eta hauteskunde-mahaien bozketa-aktetarako sarbidea barne".

Portugalgo Gobernuak ere uste du beharrezkoa dela "egiaztapen inpartziala egitea", baita Alemaniako Gobernuak ere, Caracaseko agintariei kontaketan gardentasuna eskatu baitie eta aktak publiko egin ditzaten, oposizioak argi ikus dezan nork irabazi duen bozketa. Erresuma Batua ere kezkatuta agertu da botoen zenbaketan irregulartasunak egon direlako, eta "emaitza zehatzak" zabaltzeko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro