Mundua -

EKIALDE HURBILA

Gutxienez 11 israeldar hil eta dozenaka zauritu dituzte Libanotik Golango Gainetara egindako erasoan

Suziri bat erori da futbol zelai baten gainera partida bat jokatzen ari zirenean, eta biktima gehienak haurrak eta gazteak dira, jolasean zein ikusten ari zirenak. Israelek Hizbulari leporatu dio erasoa baina milizia xiitak erabat ukatu du bera izan denik.

Larrialdietako kideak erasoa izan den tokian lanean. Argazkia: EFE.
Larrialdietako kideak erasoa izan den tokian lanean. Argazkia: EFE.
Larrialdietako kideak erasoa izan den tokian lanean. Argazkia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez hamaika israeldar hil eta dozenaka zauritu dituzte larunbat arratsaldean Libanotik Golango Gainen kontra egindako eraso batean.

Gailu bat erori da Majdal Shams herri drusoko futbol zelai batean, Israelek okupatutako Siriako Golango Gainetan, eta hildakoen eta zaurituen artean 10 eta 20 urte bitarteko haurrak eta gazteak daude, Israelgo David Gorriaren Izarrak eta The Jerusalem Post egunkariak zabaldu dutenez.

Leherketak 30 zauritu eragin ditu, horietako sei larri, 10 arin eta gainontzekoak antsietate kuadroak izan dituzte, MDAren txostenaren arabera.

Bestalde, Libanotik jaurtitako 30 bat jaurtigai atzeman dituztela ere jakinarazi dute Israelgo indar armatuek. "Aireko defentsako ehiza-hegazkinek hainbat misil geldiarazi ditute. Gainerako misilak eremu irekian erori dira, biktimarik eragin gabe ", adierazi dute euren kanal ofizialean.

Hizbula izan dela esan du Israelek baina honek ukatu egin du

Israelgo Indar Armatuek Hizbula Libanoko milizia islamistari leporatu diote erasoa. "Isreleko Defentsa Indarren egoeraren ebaluazioen eta daukagun inteligentzia informazioaren arabera, Majdal Shamsen erasoa Hizbula erakunde terroristaren lana da", dio ohar militar batek: "Hizbula dago Majdal Shams futbol zelaiara eroritako suziriaren atzean. Biktima asko eragin ditu, guztiak zibilak, haurrak barne".

Dainel Hagari Israelgo Armadako bozeramaileak adierazi duenez, "erantzuna prestatzen ari dira".

Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak ere Hizbularen egiletza berretsi du telebistan egin dioten elkarrizketa batean: "Ez dago zalantzarik Hizbulak marra gorri guztiak zeharkatu zituela", esan du eta Benjamin Netanyahu presidenteak gaineratu du "Hizbulak gogotik ordainduko" duela.

Milizia islamistak, baina, ukatu egin du erasoa berea izan denik. Larunbat honetan Israelgo iparraldeko beste hainbat tokitan zazpi eraso egin dituela adierazteko erabili duen ohar berean esan du "erabat gezurtatzen" duela Majda Shamseko eraso baten inguruan "hainbat komunikabidek egindako salaketak", L' Oriente le Jour egunkariak jaso duenez. "Erresistentzia Islamikoak ez du zerikusirik gertakariarekin", azpimarratu du.

Egunkari horri esan diotenez, "Israelek berak jaurtitako aire bidezko erasoak sahiesteko jaurtigai bat" izan da futbol-zelaian erori dena eta hala esan diote inguru horretan ikuskaritza lanak egiten dituen NBEko indarrei.

Libanoko Gobernuak erasoak eteteko eskatu du

Libanoko Gobernuak zibilen aurkako edozein eraso gaitzetsi du eta fronte guztien erasoak eteteko eskatu du. "Zibilen aurkako erasoak nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmenak dira, eta gizatasun printzipioen aurkakoak", adierazi dute Gobernutik.

Bestalde, Andrea Tenenti Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen misioaren bozeramaileak baieztatu duenez, "alderdiekin harremanetan daude tentsioak murrizteko".

Israel eta Libano arteko mugak tentsio handia bizi du 2023ko urritik eta egoera 2006tik izan den okerra da. Azken hilabeteetan 500 pertsona hil dituzte Libanon, gehienak Hizbulakoak.

Israelek Siriari Sei Eguneko Gerran (1967) eta Yom Kipurreko Gerran (1973) kendu zizkion Golango Gainak, eta 1981ean anexionatu egin zituen, nazioarteko komunitateak onartzen ez badu ere. Trumpek Israelen subiranotasuna aitortu zuen 2019an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Eguneko albisteak Albisteak Israel Ekialde Hurbila Libano