Mundua -

VENEZUELAKO HAUTESKUNDEAK

Venezuelako oposizioak hauteskundeak irabazteko aukera du 25 urtean lehen aldiz, igande honetan

Oposizioak hautagaitza bateratua aurkeztu du Edmundo Gonzalez buru dela, Maria Corina Machadoren desgaitua izan ostean. Nicolas Madurok, dena dela, agintaldia beste legealdi batez luzatzea espero du.

Oposizioko azken mitinetako bat, Maria Corina Machadorekin. Argazkia: EFE
Oposizioko azken mitinetako bat, Maria Corina Machadorekin. Argazkia: EFE
Oposizioko azken mitinetako bat, Maria Corina Machadorekin. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde presidentzialak dituzte Venezuelan igande honetan. Nicolas Madurok hirugarren agintaldia eskuratu nahi du baina inkesta gehienek oposizioko fronteari eman diote garaipena. Edmundo Gonzalez Urrutia diplomatiko ohia da 'Plataforma Unitaria'ko hautagaia, Maria Corina Machado, primarioetako garailea, Justiziak inhabilitatu ostean.

Maduro presidentearen alderdiaz gain, beste bederatzi hautagaitza aurkeztu dira hauteskundeetara. Horietatik, Gonzalezen Plataforma Unitaria da arrakasta izateko aukera gehien dituena, beste zortzi hautagaiei ez baitiete inkestek botoen % 2 baino gehiago ematen.

Oposizioak hauteskundeak irabaziko balitu, Chavezen iraultza bolivatarra izan zenetik 25 urtera iritsiko lirateke berriz ere Miraflores Jauregira. Hugo Chavezek berak 14 urtez gobernatu zuen herritarren babes handiarekin. 2002an estatu-kolpe saiakera batzuei aurre egin behar izan zien eta lau egun espetxean eman zituen.

Minbizia diagnostikatu eta 2013ko martxoan hil zen. Une horretan, ordura arte presidenteordea zen Madurok hartu zuen agintea, behin-behinean, apirilaren erdialdean hauteskundeak egin arte. Baina Maduro ez zen Chavez, eta hauteskunde haietan Henrique Capriles oposiziogileari % 1,5eko tarte estuagatik bakarrik gailendu zitzaion.

Adituen ustez, Madurok ez du Chavezen ibilbide iraultzaile eta karismarik, eta horrek, herrialdea nozitzen ari den krisi ekonomiko zein sozialari batuta, disidentziaren gorakada ekarri du.

Hauteskunde hauten atarian, gainera, Amnistia Internazional GKEak Venezuelan gertatzen ari diren Giza Eskubideen urraketa "larri eta masiboak" salatu ditu. Izan ere, Maduro presidente denetik "herritarren % 25ek baino gehiagok" ihes egin dute herrialdetik, GKE horren arabera, eta disidenteen aurkako "dozenaka atxiloketa arbitrario, desagertze behartu eta tortura" izan dira.

Maduroren aldeko kartel bat kalean. Argazkia: EFE

Barbadoseko akordioa

Maduroren presidentetzak kolpe handia jaso zuen 2018ko hauteskundeetan. Izan ere, botoen % 67,8 lortu arren, (Henri Falcon aurkariak % 20,9 lortu zituen), munduko hainbat herrialdek eta Europar Batasunak "legez kanpokotzat" jo zituzten hauteskunde horiek.

Nazioarteko komunitatearen konfidantza galdu ondoren, 2023ko urrian Barbadoseko Akordioa sinatu zuen oposizioarekin, hauteskundeetarako baldintzak ezartzeko: Oposizioak berme guztiz parte hartu ahal izango zuela hauteskundeetan ziurtatzen zen akordioan eta hauteskunde primarioen prozesua ere zehazten zen.

Itun horri esker AEBek Venezuelaren aurkako zigor batzuk bertan behera utzi zituen, baina oposizioak uste du Madurok ez duela erabat errespetatu akordioa eta urraketen artean oposizioko buru diren Maria Corina Machadoren gaitasungabetzea eta haren ondorengoa zen Corina Yoris Villasana hautagai gisa inskribatzeko ezintasuna aipatzen dituzte.

Aurreko bien hautagaitza ezeztatuta, Edmundo Gonzalez Urrutia Venezuelako enbaxadore ohia (Aljerian 1991-1993 eta Argentinan 1998-2002) hautatu du Plataforma Unitariak buru gisa. Gonzalezek preso politikoak askatzea, suspertze ekonomikoa, bolivar debaluatua egonkortzea eta inflazioaren eta segurtasunik ezaren aurka borroka egitea agindu ditu.

Zentroko politikaria kontsideratzen dute Gonzalez: zerbitzu publikoak babesten dituela adierazi du eta adostasunerako prest agertu da beti, alderdien ideologiaren gainetik. Igande honetako hauteskundeetako balizko garaipenari dagokionez, Maduroren eskuetatik boterea eskualdatzeko "negoziazio" prozesu baten alde agertu da beti.

Edmundo Gonzalez eta Maria Corina Machada. Argazkia: EFE

Baimen ofizialik gabe herrialdean sartu nahi zuen PPko ordezkaritza bat bueltan bidali du Venezuelak

PPko parlamentari eta senatari talde bat Venezuelatik kanporatu dute, herrialdean baimen ofizialik gabe sartzen saiatu ostean.

Ordezkaritzako kideen arabera, Venezuelako oposizioak igandeko hauteskundeen behatzaile gisa gonbidatu zituen, baina ez zuten zeregin horretarako beharrezko baimenik. Hala ere, ostiralean Caracasera joan dira, jakintzat jo arren ez zietela herrialdean sartzen utziko. Gauza bera gertatu zaie oposizioak gonbidatutako beste herrialde batzuetako ordezkariei ere. 

Popularren ordezkaritzari dagokionez, Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako Ministeriotik azaldu dutenez, Senatuko Mahaiak eta Alderdi Popularreko Talde Parlamentarioak (GPP) Venezuelara joan ahal izatea eskatu zuten, hauteskundeak behatzeko misio gisa, eta Jose Manuel Albares buru duen ministerioak ez zion eragozpenik jarri eskaerari. Beraz, Venezuelako agintarien aurrean horretarako beharrezko kudeaketa guztiak egin zituen. 

Hala ere, Venezuelako agintariek ukatu egin zuten baimen hori, eta Atzerri Ministerioak horren berri eman zien Senatuari eta PPri. Baimena ukatu ostean, "talde politiko guztiek bertan behera utzi zuten bidaiatzeko asmoa, PPk izan ezik", Ministerioko iturriek azaldu dutenez.

1280 venezuelar daude Bilboko hauteslekuan botoa ematera deituta

Bestalde, Euskal Herrian bizi diren 1.280 venezuelar daude bihar botoa ematera deituta, Bilboko hauteslekuan.

Gurean bizi diren venezuelarren plataformak salatu du 25.000 izan beharko liratekeela, eta nazioarteko komunitatearen babesa eskatu dute botoen zenbaketa gardena ziurtatzeko eta hauteskundeen emaitza bermatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro