Mundua -
OLINPIAR JOKOAK
Trenen zirkulazioa hobetu egin da Frantzian, baina normaltasuna ez da astelehenera arte berreskuratuko
Ekialdeko korridorea normaltasunez dabil goizeko lehen ordutik. Ez da gauza bera gertatzen tren eta atzerapen gutxiagorekin dabiltzan Atlantiko eta Iparraldekoekin. Tren konpainiaren arabera, 250.000 pertsona kaltetu ziren atzo.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Frantziako abiadura handiko trenen (TGV) zirkulazioa berrezarri dute larunbat honetan, baina astelehenera arte ez da erabateko normaltasunera itzuliko; izan ere, hainbat sabotaje koordinatu izan dituzte ostiral goizaldean.
Mezu hori zabaldu du Frantziako Trenbideen Sozietate Nazionalak (SNCF), eta komunikatu batean berretsi du garraioa bermatuko duela Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzen duten talde guztientzat, baita akreditatutako langileentzat ere.
Ekialdeko korridorea, Paristik Luxenburgo eta Estrasburgo aldera doazen lineak hartzen dituena, martxan da 06:30etik aurrera.
Beste biak (Atlantikoa eta Iparraldekoa), berri, oraindik ez dira normaltasunera itzuli; izan ere, TGV lineetako seinaleztapen ekipamenduak erre zituzten hiru puntu estrategikotan.
Larunbat honetan, programatutako trenen herena baino ez da ibili.
Era berean, Atlantikoko lineetako TGVen % 70 zerbitzuan daude, baita Paristik Bretainiara eta Frantziako hego-mendebaldeko beste helmuga batzuetara joaten direnak ere, Bordelera, Tolosara eta Espainia eta Frantzia arteko mugara iritsi beharrekoak tartean.
Konpainiaren arabera, atzo 250.000 pertsona kaltetu ziren erasoen ondorioz.