Mundua -
AEB
AEBko Zerbitzu Sekretuaren presidenteak dimisioa eman du Trumpen aurkako atentatuan izandako akatsak tarteko
Kimberly Cheatlek Ordezkarien Ganberan atzo egindako agerraldian aitortu zuenez, Trumpen hilketa saiakera "hamarkadetan egindako akatsik handiena" izan zen. Trumpek berak Biden eta Harrisen kontra egiteko baliatu du dimisioa. Salatu duenez, ez zuten "era egokian babestu".
Agentziak | EITB MEDIA
Kimberly Cheatle AEBko Zerbitzu Sekretuaren zuzendaria zenak dimititu egin du, Donald Trump presidente ohiaren aurkako atentatuan akatsak izan zirela onartu ostean.
Cheatlek Ordezkarien Ganberan agerraldia egin zuen atzo, eta hautagai errepublikanoaren hilketa saiakera agentziaren "akatsik handiena" izan da "hamarkadetan". Cheatlek bere gain hartu zuen Zerbitzu Sekretuaren "erantzukizun osoa", eta erasoaren inguruko ikerketekin elkarlanean ari direla ziurtatu zuen.
Alderdi Errepublikanoak hasieratik eskatu zuen Cheatlek atzera egitea. Agerraldian, ordezkari errepublikanoak oso kritiko azaldu ziren Cheatlek galdera askori erantzuten ez zielako. Argudiatu zuenez, hainbat ikerketa zabalik ditu agentziak, eta segurtasun arrazoiak tarteko, ezin zuen xehetasunik eman.
Dimisioa gauzatuta, Trumpek Joe Biden presidentea eta Kamala Harris presidenteordea jomugan jartzeko aprobetxatu du. Salatu duenez, "ez ninduten era egokian babestu, eta bala bat jaso nuen, demokraziaren izenean. Ohorea izan zen hura!", esan du Truth Social sare sozialean.
Trump balaz zauritu zuen uztailaren 13an Butlerren (Pennsylvania), mitin batean parte hartzen ari zela, presidente ohiarengandik 140 metrora teilatu batera igo zen tiratzaile batek, baina segurtasun perimetrotik kanpo.
Lekukoek erasoa gertatu baino bi minutu lehenago eman zuten tiratzailearen berri. 20 urteko gazte bat zen, eta oraindik ez dakite zergatik egin zuen. Zerbitzu Sekretuko agenteek segituan hil egin zuten.