Mundua -
AEB-ko hauteskundeak
Kamala Harris: "Joe Bidenen legatuak ez du parekorik gaur egungo historian"
AEBko presidenteordeak ez du bere hautagaitza aipatu bere lehen ekitaldi publikoan, eta Bidenek azken hiru urtetan egindako lana goraipatu du. Handik gutxira, Nancy Pelosi Alderdi Demokratan pisu handia duen politikariaren babesa eskuratu du Harrisek.
Agentziak | EITB media
Kamala Harris AEBko presidenteordeak Etxe Zurirako hautagaitza ofizial egin eta ordu gutxira, bere lehen ekitaldi publikoa izan du buruzagi demokratak. Aspaldi aurreikusitako ekitaldi batean egin ditu lehen hitzok, eta ez dio aipamenik egin bere hautagaitzari. Hala, Joe Biden presidentea goraipatzen eman du hitzaldiaren ia gehiena. 24 ordu baino ez dira igaro Bidenek amore eman eta azaroko hauteskundeetan hautagai izango ez dela iragarri zuenetik.
"Jon Bidenek azken hiru urteetan lortutakoek ez dute parekorik gaur egungo historian, eta agintaldi bakar batean, presidente askok bi agintalditan utzitako legatua baino handiagoa utzi duela", aldarrikatu du.
"Gure nazioari emandakoagatik oso eskertuta gaude", esan du ondoren.
Harrisek azaldu du Bidenek ekitaldian egon nahi zuela —koronabirusak jota dago— baina oraindik atsedena behar duela azaldu du. "Askoz hobeto dago, eta laster egongo da ondo, laster itzuliko da errepidera", erantsi du.
Ekitaldia bukatuta, X sare sozialean mezua partekatu du Harrisek eta gaurko eguna "kanpainako lehena" izan dela baieztatu du. "Egun bat gutxiago. 105 falta dira. Elkarrekin, irabazi egingo dugu".
Pelosik ere, Harrisen alde
AEBko presidenteordeak hitzaldia amaitu eta gutxira heldu da Nacy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente ohiaren babesa. Pelosik pisu handia du Alderdi Demokratan, eta Bidenek Harris babestu zuenetik, isilik egon da. Izan ere, zabaldu zenez, barne hauteskundeak egitearen aldekoa zen.
Azkenean, baina, Harris babestu du. Ohar batean, Harrisen aldeko "babes gogotsua" azaldu du. "Harrotasunez eta baikortasunez presidenteordeari babesa eman nahi diot. Nire babes gogotsua ofiziala, pertsonala eta politikoa da", adierazi du politikari beteranoak.
Pelosiren babesak Harrisi bidea erraztuko dio, inondik inora, baina oraindik ez dago argi demokratek haren aldeko apustua egingo dutenik: