Mundua -

AEB-ko hauteskundeak

Eta orain zer? Harris babestu edo batzar ireki bat egin, horixe da demokratek erabaki beharko dutena

Joe Bidenek atzera egin eta AEBko presidentetzarako lehia uzteak aurrez aurre jarri ditu alderdi demokratako buruzagiak, eta bi aukeren artean erabaki beharko dute: denak bat eginda Harris babestu edo abuzturako batzar ireki bat deitu.

Harris, artxiboko argazki batean. EFE
Harris, artxiboko argazki batean.
Harris, artxiboko argazki batean. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak hauteskunde lehiatik erretiratzea erabaki ostean, Kamala Harrisengan jarrita daude begirada guztiak, bera baita oraingoz  demokraten hautagaitza bakarra datorren hauteskundeei begira. Nolanahi ere, ez dago ezer erabakita; izan ere, babesa eskaini diotenak asko izan badira ere, alderdi demokrataren baitan primarioak egitearen alde azaldu dira beste batzuk. Alderdi Demokrata, hortaz, zatiturik dago gaur gaurkoz.

Kontuak kontu, presidenteordeak berak azeleragailua zapaldu du eta dagoeneko aurkeztu du Donald Trumpen aurkari berria izateko hautagaitza. Hala, Bidenen kanpaina Harrisen kanpaina bihurtu da ofizialki, eta dagoeneko ia 50 milioi dolar (45,5 milioi euro) bildu ditu arratsalde batean militanteen dohaintzei esker.

Anabasa eta ziurgabetasunaren erdian, alderdiaren eta diru-emaileen zati handi batek berehala egin du Harrisen alde, hala nola Bill Clinton presidente ohiak eta Hillary Clinton presidentegai ohi eta idazkari ohiak.

Bien bitartean, Barack Obama presidente ohiak, Nancy Pelosi Kaliforniako kongresista esanguratsuak eta Chuck Schumer Senatuko gehiengo demokrataren buruzagiak, adibidez, ez diote babesa helarazi. Horren ildotik, Obamak azaroko hauteskundeetarako "ezohiko hautagai" bat izendatzea eskatu dio Alderdi Demokratari, baina bere mezuan presidenteordea babestea saihestu du. Hakeem Jeffries Behe Ganberako gutxiengo demokrataren liderrak ere argitaratu duen oharrean ez du Harrisen aldeko aipamenik egin.

Oraingoz, baina, inork ez du adierazi Harrisen hautagaitzari aurre egiteko asmorik duenik, eta nabarmentzekoa da, inkesta askoren arabera, Bidenek baino boto-asmo hobea duela Harrisek Trumpi aurre egiteko. Harrisen alternatiba bakarra beste emakume bat litzateke, inkesta batzuen arabera: Michelle Obama.

Ikusteko, beraz, alderdi demokratak zer erabaki hartuko duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Barack Obama Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden