Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek Al-Hudaidako portua bonbardatu du Yemenen, huthiek Tel Aviven egindako erasoari erantzunez
Hiru hildako eta 87 zauritu larri daude gutxienez, asko erredura larriekin. Israelen erasoak matxino huthientzat Irandik armak inportatzea eragotzi nahi izan du. Hezbollahren arabera, eraso honek "eskualde osoan garrantzi handiko konfrontazio fase berri eta arriskutsu baten hasiera" ekarriko du.
EITB Media
Israelgo hegazkinek Al-Hudaida (Yemen mendebaldea) bonbardatu dute larunbatean, Yemengo gerrillarien hegazkin batek Israelen aurka eraso egin eta 24 ordura.
Bonbardaketak gutxienez 3 hildako eta 87 zauritu larri utzi ditu. "Zauritu gehienek erredura larriak dituzte, Al-Hudaidako petrolio-deposituen eta planta elektrikoaren kontra egindako erasoaren ondorioz", huthien aldeko agentzien arabera.
"Martiriak eta zaurituak 90 dira, 3 hil dira eta 87k erredura larriak dituzte, Israelek Al-Hudaidan egindako erasoaren lehen balantzearen arabera", adierazi du Anis al Asbahy huthien Osasun Ministerioko bozeramaileak.
Horrekin batera, Israelgo bonbardaketak "erregaia eta gasa deskargatzeko kaia, erregaia biltegiratzeko tankeak eta edukiontziak mugitzeko martxan zeuden bi garabi bakarrak" harrapatu dituela jakinarazi dute portuko iturriek.
Horrek sute handiak eragin ditu Al-Hudaidako portuan, eta ke hodei erraldoiak eta sugar handiak sortu dira.
Israelgo Aire Armadak Al-Hudaidako (Itsaso Gorria) portuaren kontra egindako erasoak matxino huthientzat Irandik armak inportatzea eragotzi nahi izan du, Israelgo Armadako bozeramaile baten esanetan.
"Al-Hudaida portua Irandik Yemenera armak sartzeko bide gisa erabiltzen dute huthiek", esan du Nadav Shoshani Israelgo Armadaren bozeramaileak hedabideen aurrean egindako agerraldian.
Shoshaniren hitzetan, matxinoek Israelen aurkako dozenaka erasotan erabili duten Irango "munizio aurreratua" sartzeko bidea zen. Horrez gain, bere iritziz, mundu mailako "ordena ekonomikoa ere nahastu dute" huthiek, Itsaso Gorrian nazioarteko zamaontzien aurka erasoak eginda.
Eraso honekin erantzun dio Israelek ostiralean Yemendik Tel Avivera jaurtitako drone irandar batekin egindako erasoari. Zibil israeldar bat hil zuten eraso hartan, baina, era berean, azken bederatzi hilabeteetan huthiek Israelen aurka 220 drone, gurutze-misil eta misil balistiko baino gehiago jaurti izanari erantzuteko modua ere izan da, horren arabera.
"Hau Israelen erasoa izan da", esan du behin baino gehiagotan Shoshanik, Al-Hudaidaren aurkako operazioa AEBrekin eta Erresuma Batuarekin koordinatuta egin dutela dioten zurrumurruak isiltzeko. "Erasoek jarraitzen badute, Israelek bere burua defendatzeko egiten dituen ekintzei eutsiko die", gaineratu du.
Bestalde, Yemengo huthien Kontseilu Politiko Gorenak ohartarazi duenez, gogor erantzungo diete Israelek Al-Hudaidako portuaren kontra egindako erasoei. "Eraso basati honek Yemengo herriaren eta bere Indar Armatu ausarten determinazioa, erresistentzia eta babesa areagotu ditu", esan du Mohamed Abdulsalam Ansarula huthien alderdiko bozeramaileak.
"Yemengo herria, Allahri esker eta Allahren laguntzarekin, erronka guztiei aurre egiteko gai da, zapaldutako Palestinaren eta Gazako herriaren garaipena lortzeko, munduan den kausarik bidezkoena", adierazi du, Al Mayadin Yemengo egunkariaren arabera.
Huthien erantzuna
Yemenek Itsaso Gorrian lehorretik misil bat jaurti duela jakinarazi du igandean Israelgo Armadak, eta Al-Hudaida portuan egindako bonbardaketa hari emandako erantzuna dela adierazi du.
"Israelgo Defentsa Indarren aire-defentsak Yemendik Israelera hurbiltzen ari zen lurretik lurrerako misil bat atzeman du, 'Arrow 3' sistema erabiliz (irismen luzekoa)", azaldu du Armadak agiri ofizial baten bidez.
Hala ere, Israelen informazioen arabera, misilak ez du herrialdeko lurralderik jo.
Hezbollahren ustez, Israelen erasoa "arduragabekeria" da
Libanoko Hezbollah talde xiitaren ustez, Israelek Yemenen aurka egindako erasoa "etsai sionistak arduragabekeriaz hartutako neurria da", eta "eskualde osoan garrantzi handiko konfrontazio fase berri eta arriskutsu baten hasiera" ekarriko du. Hala adierazi du huthiekin eta Irakeko beste talde batzuekin batera Israelen aurkako eta irandarren aldeko ardatza osatzen duen Libanoko taldeak.
"Ziur gaude Yemengo agintariak, euren ezagutza, kemena eta indarrarekin, gai direla beharrezko neurriak hartzeko, etsai honen eta horren eskualdeko eta nazioarteko aliatuak uxatzeko", gaineratu du.
Era berean, berretsi dutenez, "Yemengo herriarekin guztiz bat egiten dugu bere burujabetzaren eta jarrera heroiko eta historikoaren defentsan, bai eta Palestinarekin, bere herriarekin eta bere erresistentziarekin ere".
Hezbollah eta Israel sutsu ari dira borrokan urriaren 8tik, Gazaren aurkako erasoaldi handia hasi eta biharamunetik, eta 2006ko gerratik izan dituzten liskarrik latzenak izan dira.
Larunbat honetan bertan, Hezbollahk Adlounen (Libano) duen munizio biltegi bati eraso dio Israelek, Israelgo mugatik 40 kilometro iparraldera.