Mundua -

Frantzia

Yael Braun-Pivet makronistak Frantziako Asanblea Nazionaleko presidente izaten jarraituko du

Braun-Pivetek Herri Fronte Berria bloke ezkertiarreko Andre Chassaigne hautagaia gainditu du botoetan.

Yael Braun-Pive. EFE.
Yael Braun-Pive
Yaël Braun-Pivet makronistak 'emozio ikaragarriarekin' heldu dio karguari

0:38

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yael Braun-Pivet makronista aukeratu dute ostegun honetan Asanblea Nazionaleko presidente, hirugarren bozketan boto-tarte estuarekin irabazi ostean.

Braun-Pivetek 220 boto lortu ditu, Andre Chassaignek 207 eta Sebastien Chenu ultraeskuindarrak 141.

Ganbera oso zatikatu batean, makronismoaren gehiengo sinplez lortutako garaipen hori (diputatu kontserbadoreen babesarekin lortua) eragozpen garrantzitsua da Fronte Popular Berriaren ezkerreko koalizioarentzat, eserleku gehien dituen indarra izateagatik gobernatzeko eskubidea duela uste baitu.

"Politikariek eragin zuzena izan dezakete frantziarren bizitzan. Gure ekintzek euren bizitzak alda ditzakete", azpimarratu du Pivetek, Le Figaro egunkariak jaso duenez.

Zentzu horretan, "lankidetza" eta "akordioak bilatzeko" eskatu dio Ganberari. "Nire ausardia guztia, nire lan guztia, zuentzat eta frantziarrentzat lan egiten jarriko dut", azpimarratu du.

Frantziako ezkerreko figura nagusiek "aliantzak" ehuntzea leporatu diete makronistei, ez bakarrik eskuineko alderdiekin, baita Marine Le Pen-rekin ere, Braun-Pivetek Asanbleako buruzagitzan bere agintaldia berresteko beharrezko babesa izan dezan.

Chassaignek salatu duenez, "Makronismoaren eta eskuinaren arteko naturaz kontrako aliantza batek lapurtutako" bozketa izan da. Era berean, "Horrek ez du ezer aldatzea ahalbidetu, herriak gauzak aldatzea espero zuen bitartean", azpimarratu du.

Alderdi Sozialistak, Frantzia Intsumisoak, Alderdi Komunistak eta Berdeek (Herri Fronte Berriko kide nagusiak) akordioa lortu zuten bezperan Andre Chassaigne komunista Asanbleako presidentegai gisa aurkezteko. Hala ere, adostasuna lortzeko eta lehen ministro izateko hautagai bat aurkezteko negoziazioek geldirik jarraitzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Frantziako Gobernua