Mundua -
Europako Parlamentua
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute berriro, 401 eurodiputaturen babesari esker
Europako Batzordeko buruzagiak Alderdi Popularraz, sozialistez eta liberalez osatutako koalizioa errepikatzeaz gain, berdeen babesa erdietsi du, azken orduan Von der Leyenen alde bozkatzea erabaki baitute, eskuin muturrak EBko politiketan izango duen eragina murrizteko helburuarekin.
EITB Media
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europako Parlamentuaren konfiantza lortu du ostegun honetan, beste bost urtez karguan jarraitzeko, 401 eurodiputaturen babesari esker. Von der Leyenek gutxienez 361 babes lortu behar zituen berriro izendatu izateko. EH Bilduk kontrako botoa eman du, eta EAJk aldekoa.
Europako Batzordeko buruzagiak Alderdi Popularraz, sozialistez eta liberalez osatutako koalizioa errepikatzea lortu du; izan ere, 2019an familia politiko horiek bere hautagaitza babestu zuten, eta, gainera, berdeen babesa erdietsi du, azken orduan Von der Leyenen alde bozkatzea erabaki baitute, eskuin muturrak Europako politiketan izango duen eragina murrizteko helburuarekin.
2019an, gehiengoa 374 eurodiputatutan zegoenean, Von der Leyenek aldeko 383 boz, kontrako 327 eta 22 abstentzio jaso zituen.
Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentariak kontrako bozari argazkia atera dio, eta X sare sozialean zabaldu du.
Oihane Agirrebengoa EAJko eurodiputatuak, aldiz, babes "kritikoa" eman dio Von der Leyeni, baina bere babesak "marra gorri gaindiezina" duela azpimarratu du, eskuin muturrarekin edozein lankidetza baztertzeko baldintza, alegia.
Nahiz eta botoa sekretua izan eta alderdi diziplinarik ez egon, PPk, sozialdemokratek, liberalek eta berdeek aldez aurretik azaldu dute eurodiputatuei aldeko botoa emateko agindua eman dietela.
Bozketa baino minutu batzuk lehenago, ECR eskuin muturreko taldeak, Giorgia Meloni lehen ministroaren alderdiak gidatuta, baieztatu egin du eurodiputatuen gehiengo batek Von der Leyenen aurka bozkatuko lukeela, nahiz eta babesa eman nahi zioten ordezkaritzei eskuak libre utzi.
Bestalde, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak bultzatutako talde politikoak eta ezkerrak eutsi egin diote alemaniarra Europako Batzordeko buru izateari uko egiteko jarrerari.
Politikari alemaniarra hainbat minutuz egon da bozketaren ostean aliatuen zein aurkari politikoen besarkadak eta zorionak jasotzen.
Presidenteak orain uda osoa du komisario taldea eta bakoitzari emango dion ardura erabakitzeko, eta baliteke irailean zehar ematea zerrenda horren berri.