Mundua -

EB, hauteskundeen ondotik

Europako Parlamentuak X. legealdiari ekin dio, Von der Leyen EBko buru berriro aukeratuko duten zalantzarekin

Osoko bilkura Euroganberako presidentea aukeratzen hasi dute, Metsola faborito dela. Hautagai kontserbadoreak nabarmendu duenez, herritarrek "Parlamentu eta Batasun indartsu bat" behar dute eta "pertsonak batzen" saiatuko dela agindu du.

Metsola, bere hitzaldiaren une batean. EFE
Metsola, bere hitzaldiaren une batean.
Metsola, bere hitzaldiaren une batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 9ko hauteskundeen ondotik, gaur ekin diote Estrasburgon Europako Parlamentuan X. legealdia. "Abian da hauteskundeen ondoko lehen osoko bikura", aldarrikatu du Roberta Metsola Parlamentuko presidenteak. 

Hain justu, Europako Ganberako Mahaia (presidentea eta 14 presidenteordeak) aukeratzen hasi dute saioa. Roberta Metsola aurreko legealdiaren azken txanpan presidente izan dena da faborito nagusi. Azken orduan, ezkerrak Irene Montero Podemoseko eurodiputatua aurkeztu du kargurako hautagai, baina aukeratua izateko aukera hutsaren hurrengo da. 

Batasunaren ideia defendatu du Metsolak bere hautagaitza defendatzeko hitzaldian. Esan duenez, Europako herritarrek Parlamentu "indartsua" behar dute, eta "pertsonak batzeko lan nekaezina" egingo duela hitzeman du. 

"Parlamentu indartsua behar du honek, Europar Batasun indartsu batean. Hori diote tratatuek, eta hori da jendeak behar duena. Ezin diogu gure europarlamentari izaerari muzin egin", adierazi du. 

Horren hitzetan, "Ukrainak behar duen defendatzaile sutsua eta Ekialde Hurbilean ahoz gora hitz egingo duena" izan behar du Europako Parlamentuak.

Beste bilkuretan ez bezala, gaurkoan egingo diren bozketa guztietan botoa sekretua da. Inork gutxik jartzen du zalantzan Metsola berriz hautatuko dutenik, Parlamentuko familia politiko handien kontsentsuzko hautagaia baita. 

Von der Leyen, gehiengo ahul baten menpe

Parlamentuko Mahaiko kideez gain, Europako Batzordearen buruzagia ere aukeratu beharko dute eurodiputatuek. Ursula Von der Leyen berriro aurkeztu da kargurako, 2019an eskuratu zuen babesa errepikatu nahian (Alderdi Popularraren, sozialisten eta liberalen botoei esker hautatu zuten). 

Hiru familia politiko handi horiek 401 eserleku dituzte (720 dira hemizikloan, guztira). 2024ko Parlamentua aurrekoa baino zatituago dago, eta kide gutxiago ditu —Erresuma Batua EBtik atera zenetik, 27 gutxiago—. Gauzak horrela, 361 aldeko boto behar ditu hautagai kontserbadoreak aukeratua izateko. 

Berez, bere taldearen, Europako Alderdi Popularraren (188 eserleku), babesa baino ez du ziurtatuta. Sozialdemokraten eta liberalen botoa baldintzatuta dago: batetik, euren lehentasunak errespetatzea eskatu diote trukean, eta bestetik, eskuin muturraren babesa ez jasotzea. 

Ultraeskuinak 187 eserleku ditu, eta hiru taldetan banatua dago: Kontserbadoreak eta Erreformistak (78 ordezkari, Meloniren alderdiarenak) Europaren aldeko Patriotak (84 eserleku, Viktor Orbanek gidatuta, Vox, Marine Le Penen Bilgune Nazionala eta Matteo Salviniren alderdia barne daudela) eta Nazio Subiranoen Europa (25 aulki, Alemaniarentzako Alternatibak sortua). 

Berdeek iragarri dutenez, "modu eraikitzailean lan egiteko prest" daude, betiere eskuin muturra baztertuta. Ezkerrak, azkenik, argi utzi du ez duela Von der Leyenen hautagaitza babestuko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Euskal eurodiputatutak Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua